Maiatzaren 12an egingo dute alokairu sozialeko bost etxebizitzen zozketa

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 10a, 00:00

Onartutakoen behin betiko zerrenda argitaratu du Udalak, eta hilabete barru egingo du zozketa, arratsaldeko 18:00etan Erribera kulturgunean.

Maiatzaren 12an egingo du zozketa Astigarragako Udalak, alokairu sozialeko bost etxebizitza emateko; Aiotzategi kalea 1, Urumea kalea 6 eta Kale Nagusia 28 atarietan daudenak, hain justu. Erribera kulturguneko antzokian izango da zozketa, arratsaldeko 18:00etan hasita.

Urtarrilean egin zuen deialdia Udalak, bost etxebizitza horiek alokairu sozialean emateko. Eskabideak aurkezteko epea amaituta, onartutako eta baztertutako eskabideen zerrenda argitaratu zuen behin-behinean, eta behin alegazioak aurkezteko epea bukatuta, behin betiko zerrenda onartu zuen. Zerrenda hori Udalaren webgunean (astigarraga.eus) dago ikusgai.

Jasotako eskaera guztien artean, 23 onartu dituzte babes bereziko gizarte egoeren kupoan (70 urtetik gorakoak, desgaitasunen bat dutenak, guraso bakarreko bizikidetza unitateak, genero indarkeriaren biktimak, bananduta daudenak, ezkongabeak eta alargunak). 35 urtetik gorakoen kupoan, berriz, 32 eskaera onartu dituzte. Beste 30 eskaera, aldiz, baztertu egin dituzte; eta zazpi eskatzaile daude erreserba zerrendan, diru-sarreren ordenaren arabera.

 

Kontratua, zazpi urterako

Zozketan etxebizitzaren bat jasotzen duten herritarrek, zazpi urterako kontratua izango dute, alokairu sozialean. Dena den, urtero berrikusiko dute kontratua, hasierako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.

Aiotzategi kaleko lehenengo atarian daude hiru etxebizitza. Hiru logelakoak dira horiek, eta garaje-marra eta trastelekua dauzkate. Etxebizitza bakarra zozketatuko da Urumea kaleko seigarren atarian, bi logelakoa, garaje-marrarekin eta trastelekuarekin. Eta Kale Nagusiko 28garren atarikoa da azkenekoa. Kasu honetan, 55 metro karratukoa da eta hiru logela ditu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!