«2021eko arrakastatik tiraka ildo berdina jarraituko du Gazte Sortzaileen Azokak»

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 9a, 00:00

Pasa den urtean antolatu zen lehenengo edizioa.

Apirilaren 18an Gazte Sortzaileen Azokaren bigarren edizioa antolatuko du Astigarragako Gazte Asanbladak, egun osoan zehar, 11:00etatik 19:00etara. Bertan, denetarik aurkituko dute hurbiltzen direnek eta kontzertuak eta zozketa ere izango dira.

Aurreneko edizioak izandako arrakasta ikusita, segida izango du Gazte Sortzaileen Azokak, Astigarragan. Apirilaren 18rako jarri du hitzordua Astigarragako Gazte Asanbladak, eta beraz, astelehenarekin izango da aurtengoa, jaiegunez.

Hori horrela, postua jartzera animatzeko deia luzatu diete sortzaile gazteei. Hala egin nahi dutenek, posta elektronikoz bidali behar dute mezua, ondoko helbide honetara: astiarrakogaztiak@gmail.com. Mezu horretan, azaldu beharko dute proiektuaren izena, postuan egongo den pertsona kopurua, eta postuan eskainiko dutena. Bihar arte dago aukera izena emateko. Gainera, aukeran izango da norberaren lanen argazkia bidaltzea ere, eta baita beraien sare sozialetako kontuen lotura ere, edukiz gero.

Gazte Asanbladan Gazte Sortzaileen Azokaren antolakuntzan aritu dira Garoa, Haizea eta Amaiur. «Aurtengoa bigarren edizioa izan da eta antolakuntza aldetik errazagoa izan da», aipatzen du Amaiur Altamirak. 

«Gehiena egina daukagu. Aurreko urtearekin alderatuta arinagoa izan da. Lan dezente izango genuela uste genuen, baina konturatu gara aurreko urtean COVIDaren inguruko arauek zaildu egin zutela antolakuntza, gauza gehiago eduki behar izan genituen kontuan». 

 

«23 postuk eman dute izena eta Emakumeon Plazan Zulo eta Amebaren kontzertuak»

Joan den urtean, apirilaren 5ean izan zuen estreinako edizioa, Gazte Sortzaileen Azokak; eta 26 postu jarri zituzten orduan, lau plazatan banatuta: Emakumeon Plazan, Kontxa Etxeberria plazan, Norberto Almandozen eta Joseba Barandiaranen. «Aurten 23 postuk eman dute izena, oraingoz. Material eskaera egin dugu Udalean, kaleak eta mahaiak eskatu ditugu eta eguna iristeko zain gaude postuak prestatzeko. Kartela egina dago eta laister zabalduko dugu».

Aurten ere postuak herrian zehar banatuko dituzte. «Joseba Barnadiaran Plazan, Norberto Almandoz Plazan eta Erriberan jarriko dira azokako postuak. Eguraldiaren arabera agian mugitu beharko dira postuak Frontoira eta Barandiaran Plazako babeslekura... euria eginez gero. Erriberan ere badago babeslekua. Plan B-rik ez dugu».

Ez da ahaztu behar bi kontzertu ere antolatuko direla. «19:00etan bi taldek joko dute Emakumeon Plazan. Astigarragako Zulo taldeak eta Usurbilgo Ameba taldea. Pasa den urtean eserita izan zen, baina aurten kontzertuak normaltasunez antolatuko dira».

Mota guztietako produktuak jarri zituzten horietan: zeramika lanak, argazkiak, ilustrazioak, ehun eta gantxillo lanak, pintura, paperezko pitxiak, txotxongiloak, makramea, gozoak, poltsak, arropa kustomizatua, akuarela lanak, serigrafia...

Goizean zein arratsaldean egon zen azoka zabalik, eta herritar asko eta asko gerturatu ziren postuetara. Azokak izandako erantzunarekin oso pozik azaldu ziren antolatzaileak eta sortzaileak, eta horregatik, hutsik egin gabe antolatu dute bigarren edizioa, aurten.

 

«Xesto bat zozketatuko da kontzertuak hasi baino lehen»

Ongi doana ez dela aldatu behar pentsatzen dute askok. Gazte Asanbladakok ere ildo hori jarraitu dute eta ekitaldi berdinak antolatu dituzte. Pasa den urtean zozketa izan zen eta aurten ere egongo da. «Posturen batean zerbait erosten bada, aukera dago partehartzeko zozketa batean. Pasa den urtean Lizeaga sagardotegian afaria zozketatu zen, baina aurten Gazte Asanbladakoek xesto bat sortuko dute azokan dauden produktuekin. Hori zozketatuko da eta bertan banatuko dute. Izena esan eta bertan ez baldin badago txanda pasa egingo da eta bertan dagoen bat irten arte jarraituko dugu zozketarekin».

Kontzertuak hasi aurretik zozketatuko da produktuen xestoa. «Emakumeon Plazan izango da, beraz bertara hurbildu behar da».

Ilusio haundiarekin daude Gazte Asanbladakoak. «Pasa den urteko arrakasta errepikatzen bada ederra izango litzateke. Eguraldia lagun izan zen eta aurten horrela izatea espero dugu. Aurreko urtean ere festetan antolatu genuen, baina agian jendea ez zen irten oporretara eta horrek lagundu zuen. Aurten egoera ezberdina da eta beldur pixka bat badugu, alde horretatik. Ez dakigu nola izango den eguna». 

Antolatzaileek argi zutena zen sasoi berdinean egin nahi zutela. «Berriz ere, Aste Santuen bueltan egin nahi genuen. Datorren urtean ere mantenduko dugu eguna». 

 

«Sortzaileak aimatuta daude eta berriak ere asko izango dira»

Sortzaileak animatuta daude. «Whatsapp talde bat dugu beraiekin eta berehala animatu ziren. Proiektu berri asko egongo dira. Aurreko urteko batzuk izango dira, nahiz eta herriko sortzaileak ez dira horrenbeste animatu. Pasa den urtean lau proiektu zeuden herrikoak eta aurten ez dira animatu. Zulo musika taldekoek jarriko dute beraien CD berria saltzen eta postreak jarriko dituen astigartar bat ere egongo da, baina besterik ez. Kale egin dute».

Afrikatik ekarritako arropa egongo da eskuragai berezitasun bezala. «Orokorrean inguruko sortzaileak dira, denak euskaldunak. Egun osoan zehar erosi, ikusi eta gozatzeko aukera izango da. 11:00etan irekiko da azoka eta 19:00etan amaituko da». 

 

Aurten Astigarragako sortzaile gutxiago izango dira, baina kanpoko gehiago.

 

Pasa den urteko antolatzaile berdinak aritu dira antolaketa lanetan eta hori nabaritu du Amaiurrek. «Gazte Asanbladan antolatzen gara taldeka. Horrela lana banatzen dugu eta ez dago berdina dena antolatzen, horrek suposatzen duen nekearekin. Gure artean hitzegin dugu eta eduki dugun sentsazioa izan da ez dugula gauza askorik egin. Oso erraza izan da dena. Egunean bertan izango dira komeriak. Pasa den urteko lana eta oinarria hor zegoen. Horrek, asko arindu du lan guztia. Gainera, ez dugu berrikuntzarik».

Seinalerik onena sortzaileen erantzuna izaten da eta Gazte Asanbladakoek deiak izan dituzte azokaren inguruan. «Urtean zehar galdetu dute noiz izango zen azoka eta prest zeudela etortzeko». Aurten bigarren edizioa izango da, baina ez azkena. 

Urtero urtero antolatzeko asmoa dute eta Urumea bailarako biztanleak Astigarragara hurbiltzeko deia luzatzen dute. «Bertako artistek, saltoki haundietatik urrun, burujabetza oinarri duten erosteko askotariko modu eskainiko dizkigute. Txikitasunetik sortzearen alde eginez eta gertuko hartu eman zuzen eta pertsonala bultzatuz. Horregatik, horrelako dinamika, proiektu edota jardunaldiak gaur egun ere antolatzea posible dela ikusten da. Beraz, antolatzen jarraitzera eta partehartzera animatzen zaituztegu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!