Eskola Agenda 2030 hezkuntza-programaren barruan, Herri Eskolako ikasleak Zelaiak, larreak eta landare itsutasuna gaia lantzen eta aztertzen ari dira. Diagnostikoa egin eta konpromisoak eta eskaerak landu ondoren, Udalarekin elkartuko dira maiatzaren 5ean.
Joan den ikasturtean, aurtengo gaiarekin lotura estua duen beste gai bat landu zuten, basoena, hain zuzen. Hori horrela, gustura ekin diote aurtengoan gai hau lantzeari. Gainera, azaldu dutenez, gai horiek harremana dute Lehorreko ekosistemetako bizitza izeneko Garapen Iraunkorreko 15. helburuarekin. Jomuga horiek 2015. urtean onartu ziren nazioarte mailan, eta 17 dira denera. Euskadiren kasuan, hori bai, 18 helburu dira. Hain zuzen, Hizkuntza eta kultura aniztasuna ere zerrendaren barruan dago.
LHko lehenengo mailako ikasleak, proiektuko protagonistak
Eskola Agenda 2030 hezkuntza-programarekin bat etorriz, lehenengo mailako ikasleek herenegun ekin zioten herri gunea eta gertuko belardiak bisitatzeari eta bertako egoera aztertzeari. Horixe izango da ikasleen erronka datorren ostegunera arte. Irteerak «herriko diagnostikoa osatzeko» balio izango dute. Izan ere, diagnostiko horren emaitzak aztertu ondoren, eskolako eragileek herri mailako berdeguneen egoera hobetzera zuzendutako proposamenak aurkeztuko dizkiete Udaleko ordezkariei.
Hain zuzen ere, aurreko urteetako ohitura jarraituz, maiatzaren 3an, Lehen Hezkuntzako gela bakoitzeko ikasle ordezkariek adostuko dituzte eskolako eragileek hartuko dituzten konpromisoak eta Udalari zuzendutako eskaerak. Maiatzaren 5ean, Udalarekin egingo dute foroa, eta bertan, ikasle ordezkariek egindako lana aurkeztuko dute eta proposamenak zeintzuk diren azaltzeko aukera ere izango dute.