«Zuen seme-alaben amets goxoenak ere ondo zainduko dituzte Kiriketa Haurreskola berrian»

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 8a, 00:00
Lau haur, Haurreskola berrira sartzen, irripartsu.

Asteazkenean inauguratu zuten Haurreskola berria Astigarragan, eta jende asko gerturatu zen, eraikina bertatik bertara ezagutzera.

Zabaldu ditu ateak, Kiriketa Haurreskola berriak. Asteazken arratsaldean egin zuten inaugurazio ekitaldia, eta jende asko elkartu zen kanpoko jolastokian, eraikina bertatik bertara ezagutzeko gogotsu. Makina bat gela dauzka Haurreskola berriak: harrera, hezitzaileen bulegoa, aulkitxoak gordetzeko gela, garbiketa gela, 0-1 urtekoentzat lau gela, 1-2 urtekoentzat beste lau gela, eta gela haundi bat, bilerak egiteko edota jolaserako. «Eta horiez gain, kanpoan, jolastoki eder hau», nabarmendu zuen Xabier Urdangarin alkateak. «Inbertsio haundia izan da, gurea bezalako herri txiki batentzat; baina ezinbestekoa. Iaz, 96 haur jaio ziren Astigarragan, eta Euskal Herriko batazbestekoaren bikoitza da jaiotze-tasa herrian», azaldu zuen: «gainera, orain arte bi eraikinetan geneukan banatuta Haurreskola, horrek dakartzan eragozpenekin».

«Ilusio haundiarekin» agertu ziren Haurreskolako hezitzaileak ere, haietako batek, Lidek, azpimarratu zuenez: «mimo haundiarekin landu dugun proiektu hau, udaberrian loratu da, eta uste dugu zuen gustukoa izango dela. Eskerrak eman nahi dizkiogu Udalari, Haurreskolak Partzuergoari eta arkitekto taldeari. Gonbitea luzatu ziguten proiektuan parte hartzeko, eta benetan entzun gaituzte. Orain, disfrutatu dezagun Haurreskola honetaz, eta zaindu dezagun guztion artean».

Eta ondoren, hiru ipuin kontalarik eman zieten ongietorria «bidaia berri honetara», gerturatu zirenei: «zuen seme-alaben amets goxoenak ere, ondo zainduko dituzte hemen». Aurreskua ere dantzatu zuten, eta alkateari eskatu zioten guraize txiki-txiki batzuekin moztu zezala zinta, ipuin kontalarietako batek mototsa lotzeko zeramakiena. Segidan, irrikaz sartu ziren denak, Haurreskola ezagutzera.

Erlazionatuak

Haurreskola berriaren inaugurazioa

Kronika - Erredakzioa 2022 api 07 Astigarraga

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!