Asteazkenean inauguratuko dute Haurreskola berria, eta ate irekien saioak ere izango dira

Kronika - Erredakzioa 2022ko api. 4a, 00:00
Jolastoki haundia dauka Haurreskola berriak, lokalaren kanpoaldean ere.

Arratsaldeko 17:30etan izango da inaugurazioa, eta ondoren, bisita gidatuak egingo dituzte ipuin kontalari batekin, 18:00etan eta 18:30etan.

Prest dauka Haurreskola berria Astigarragak, eta asteazken honetan inauguratuko dute, arratsaldeko 17:30etarako prestatu duten ekitaldiarekin. Astigartar guztientzat irekia izango da saioa, eta bereziki, «une honetan seme-alabak haurreskolan dituzten familientzat, edo laster hasiko direnentzat».

Gainera, inaugurazioaren ondoren, ate irekien saioak egingo dituzte, 18:00etan eta 18:30etan. Bisita gidatuak izango dira, ipuin kontalari batekin.

1.115.126,59 eurokoa izan da Haurreskola egokitzeko obraren kostua, eta Udalak jarri du lokala, 790 metro karratukoa. Torre Elorduy arkitektura estudioak idatzi du proiektua, eta Altuna y Uria enpresak egin ditu obrak. Orain, Udalak Haurreskolak Partzuergoari utziko dio Haurreskola berria, kudeatu dezan.

Zortzi gela haurrentzat, eta jolastokia kanpoan

Udalak azaldu duenez, Haurreskola berriaren diseinuan «zuzenean» hartu dute parte Astigarragako Haurreskolako hezitzaileek. «Izan ere, argi geneukan ezinbestekoa zela hezitzaileen iritzia kontuan hartzea, beraiek ezagutzen dituztelako inork baino hobeto Haurreskolaren funtzionamendua eta beharrak».

Prozesu horretan, herri desberdinetako haurreskolak bisitatu dituzte, eta beste hezitzaile batzuekin «kezkak partekatu». Hainbat lan bilera ere egin dituzte, eta «planoekin atzera eta aurrera ibili», Haurreskola diseinatzera iritsi arte.

Haurreskola berriak zortzi gela dauzka haurrentzat: 0-1 urtekoentzat lau, eta 1-2 urtekoentzat beste lau. Erabilera anitzeko gela haundi bat ere badauka. «Gelak diseinatzerakoan, oso kontuan izan dugu ikasgelen arteko ikus-komunikazioa ziurtatzea». Horiez gain, hezitzaileentzako harrera bulegoa, elkargunea (bilera gela, jantokia...) eta zerbitzuetako gelak (haurren aulkitxoak gordetzeko gela, garbiketarako gela...) dauzka Haurreskolak.

Lokalaren barruan dago hori dena, eta kanpoan, «jolastoki haundi bat» dauka Haurreskolak: «kaleko espazio publikoa aprobetxatu nahi izan dugu, eremu haundi bat sortzeko. Horretarako, etxebizitzen blokearen jabeekin akordioa egin genuen, aterpea ere jolasleku horretan integratzeko. Oso espazio erosoa geratu da, aterpea eta berdegunea dauzkana; eta orientazio egokia du eguzkiaz gozatzeko», azaldu du Udalak.

Hori guztia gertutik ezagutu nahi duenak, etzi arratsaldean dauka hitzordua, inaugurazioarekin eta bisita gidatuekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!