Plenoa izan zen astearte arratsaldean, Astigarragako udaletxean. Gai-zerrenda luzea landu zuten udal taldeek; denera, 19 puntukoa. Hala ere, adostasuna izan zen nagusi ia guztietan, eta nahiko azkar aztertu zituzten gai guztiak.
Erabaki garrantzitsuak hartu zituzten, horien artean kreditu gehigarriekin hainbat ekimen onartzearena. Hain zuzen, 2021eko likidazioa itxi ondoren, kreditu gehigarrien edo gehikuntzen bidez zenbait proiektu jarriko dituzte martxan. Orotara, gerakinetatik, 2.037.525,44 euro gehitu dizkiote 2022ko aurrekontuari. Zehatzak izateko, berri ematean, honako hauxe zehaztu zuen Xabier Urdangarin alkateak: «besteak beste, gehigarriak izango dira kirol arloan, gizarte zerbitzuen arloan, Zamalbide auzoan, kultura eta jaietan, mugikortasunean, ingurumenean zein etxebizitzen arloan, lehen sektorean, obra eta zerbitzuetan eta, azkenik, tokiko garapenean».
Xehetasunetara jota, kirol arloan, esaterako, Txomiñene pilotalekuko hesian kristala jarriko da, hautsa sartzea ekiditeko. Horrekin batera, Mundarroren hitzarmenari 13.000 euro gehituko zaizkio, «Covid-19ak eragindako defizita berdintzeko», aipatu zuen Urdangarinek. Gizarte zerbitzuen arloari begira, Gizarte Zerbitzuan hirugarren langile bat hasiko da, «bereziki familien eta adin txikikoen jarraipenerako eta laguntzarako». Horrez gain, etxez etxeko zerbitzuari 40.000 euro gehitu zaizkio. Bestalde, kultur programa indartzeko 45.000 euro gehitu dira. Erribera kulturgunean, halaber, eskailera osagarriak egiteko 107.000 euro onartu dira. Era berean, baserritarrei ere bideratuko diete kreditu gehigarrien zati bat; hain zuzen, 30.000 euroko partida onartu zen baserritarren laguntzetarako. Obra eta zerbitzuei dagokienez, beste erabakien artean, plaka fotovoltaikoak jartzeko 52.000 euro onartu dira eta argiteria publikoan led teknologia jartzeko 54.900 euro inbertituko dira.
Dirulaguntzak, hitzarmenak eta lan eskaintzak
Plenoan azaldu zutenez, euskera arloko dirulaguntzen deialdia onartu du Udalak, eta Urdangarinen esanetan, «laster» argitaratuko da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. «Deialdi horren bidez, dirulaguntzak emango dira euskara ikasteko, merkataritza/enpresa arloan euskara sustatzeko, aisialdiko begirale/zuzendari ikastaroak euskaraz egiteko edota UEU/Udako unibertsitate ikasketak euskaraz egiteko», zehaztu zuen alkateak. Bestalde, herriko hainbat elkarteren dirulaguntza izendunak onartu ditu, hala nola: Eragiyok abesbatza elkarteari, Harituz elkarteari eta Emakumeon* Etxea elkarteari.
Gainera, Tokiko Gobernu Batzarrean azaldu zuenez, hitzarmena onartu du Udalak Aldundiarekin, Donostia ibilbidea hiritartzeko lanen barruan bidegorria eraikitzeko.
Lan eskaintza berriak ere onartu ziren Plenoan: udaltzaingoaren 2 agente lanpostu txanda irekiaren bidez eta lehiaketa-oposizio bidez.
Jasangarritasun Energetikoari buruzko Batzordea onartu zen
Plenoa hasi bezain pronto landu zuten Jasangarritasun Energetikoari buruzko gaia. Urdangarinen esanetan, «Udalak gero eta ekimen eta jarduera gehiago bideratzen ditu jasangarritasun energetikoaren arloan». Hori horrela, Jasangarritasun Energetikoari buruzko Batzorde informatzailea sortzea onartu zen aho batez.
Horrez gain, iruzurra prebenitzeko, hautemateko eta zuzentzeko plana ere onartu zuten aho batez astearteko Plenoan.
Amaitzeko, mozio eta adierazpenen atalean, bi adierazpen eta mozio bat onartu zituen Osoko Bilkurak. Alde batetik, aho batez, Ukrainako gerrari buruzko adierazpena eta mugi tarifa-eredua babesteko eta sustatzeko adierazpena onartu ziren. Bestetik, PSE-EEren aurkako botoarekin, Mendebaldeko Saharako gatazkari buruzko mozioa onartu zen.