Denboraldi borobila ari da osatzen Enekoitz Azparren astigartarra. Euskaldun Sarian, lidertza sendotu zuen asteburuan. Markina-Xemeinen Euskaldun Sariko bosgarren lasterketa izan zen eta, bertan, bigarren postuan helmugaratu zen Azparren.
Lau txirrindularik alde egin zuten, lau indartsuenek: Laboral Kutxa taldeko Xabier Berasategi eta Enekoitz Azparren, Eulen-Nuuk taldeko Unai Esparza eta Lizarte taldeko Diego Uriarte. Azkenean, esprintean erabaki zen lasterketa. Markina-Xemeingo kaleetan azkarrena Berasategi izan zen; bigarren, Azparren taldekidea; eta, azkenik, Esparzak osatu zuen podiuma. Hurrengo multzoa 30 segundora heldu zen.
Gorlan ere aurreko postuetan
Hurrengo egunean, Gorlako Igoeran, nekea nabaritu zuten egun bat lehenago Markina-Xemeinen aritutakoek. Azparrenek hamahirugarren amaitu zuen. Hori bai, Euskaldun Sarian lidertzan mantentzen da.