Hegaztiak behatu eta Murgiako habia-kutxen jarraipena egingo dute larunbatean, Aranzadirekin

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 30a, 00:00

Astigarragan egingo du geldialdia Txoribox ingurumen-heziketa proiektuak, eta goizeko 10:00etan hasiko dute saioa, Murgia Jauregian.

Ingurumen-heziketarako proiektua da Txoribox, Aranzadi Zientzia Elkarteak bultzatutakoa, eta hegaztiekin lotutakoa. Eta asteburu honetan, Astigarragan egingo du geldialdia: Murgia Jauregian jarri dute hitzordua, goizeko 10:00etan. Bertan, habia-kutxak kokatu zituzten, duela urte batzuk; eta horien jarraipena egingo dute larunbatean: «begiratuko dugu zer dagoen habia-kutxen barruan, eta ondoren, prest utziko ditugu aurtengo umatze-garairako», azaldu dute.

Eta habia-kutxen jarraipena egin ondoren, inguruko hegaztiak behatzeko aukera ere izango dute bertaratuek. Horretarako, prismatikoak eramatera animatu dituzte. Ordu eta erdiko saioa izango da, 11:30ak arte.

 

Naturaren kontserbazioaz sentsibilizatzea, helburu

Ingurumenarekin lotuta, hainbat helburu ditu Txoribox proiektuak: naturaren kontserbazioaren garrantziaz sentsibilizatu eta kontzientziatzea; izaki bizidunen eta ingurugiroaren babesaren aldeko jarrera positibo eta arduratsua garatzea; gure ondare naturalaren gaineko ezagutza zabaltzea; birziklapena eta hondakinen berrerabilpena bultzatzea; herriko parkeetako faunaren biodibertsitatea handitzen laguntzea... Horretarako, inguruko naturaz eta hegaztiez baliatzen dira, tailer eta irteera ezberdinak proposatuz, «gure ondare naturala gertutik ezagutu ahal izateko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!