Mendeko pertsonei arreta eskaintzen dieten langileei zuzenduta, formazio jardunaldiak antolatu dituzte Astigarragan, arreta hori emateko ziurtagiri profesionala eskuratzeari buruz. Izan ere, 24/2017 Foru Dekretuaren arabera, Laguntza Pertsonalerako Prestazio Ekonomikoa (LPPE) eskuratzeko eta eskubide horri eusteko, laguntzaile pertsonalak eduki beharko du arreta soziosanitarioa etxean edo gizarte erakundeetan emateko lanbide kualifikazioa.
Kualifikazio hori eskuratzeko zailtasunak direla eta, bi formazio saio antolatu ditu Astigarragako Udalak, Bidez Bide, Amher eta SOS Arrazakeria elkarteekin eta Maitelan kooperatibarekin batera. Helburua izango da, herritarrak informatzea, kualifikazio hori lortzeko moduen, ikastaroetarako sarbide proben edota ikasketen homologazioen inguruan.
Gaur bertan egingo dute aurreneko saioa, sektoreko profesionalei zuzendutakoa: Ikasi zaintzeko. Emakumeon Etxean izango da, 16:00etatik 18:00etara. Ziurtagiri profesionalaren inguruko informazioa, orientazioa eta aholkularitza eskainiko dute bertan.
Etxeko langileen eskubideei eta alternatiba kooperatiboari buruz, ostiralean
Bigarren saioa, berriz, ostiralean izango da, 16:00etatik 18:00etara, kultur etxe zaharrean: Etxeko langileen eskubideak eta alternatiba kooperatiboa. Amher eta SOS Arrazakeria elkarteek emango dute zaintzaileen lan eskubideen berri, eta bere esperientzia aurkeztuko du Maitelan kooperatiba hernaniarrak.