Eragiyok abesbatzak 'Rigoletto' antzeztuko du Irunen asteburuan

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 25a, 00:00

Entseguak Irunen egin dituzte

Bihar eta etzi, 19:00etatik aurrera Amaia Kultur Zentroan antzeztuko dute Verdiren opera.

Duela bi aste Mutrikuko Musika Hilabeteari hasiera eman eta gero, musika-generoa aldatu eta opera emanaldiak izango ditu bihar eta etzi Eragiyok abesbatzak. Bi egunez, 19:00etatik aurrera, Irungo Amaia Kultur Zentroan izango da Giuseppe Verdiren Rigoletto opera ezaguna antzezten, Luis Mariano Lirika Elkarteak antolaturiko denboraldian. 

Abesbatzak parte hartze haundia du opera honetan eta horregatik urtarriletik aritu da prestaketa lanetan. Horren ondoren, azken astea Irunen pasa dute zuzendariarekin, bakarlariekin eta orkestrarekin lan egiten musika eta eszena antzokian bertan berrikusteko. 

Rigolettok hiru pertsonaia nagusiren inguruko istorioa azaltzen du: gorteko bufoi bat, azkarra baina gorputzez eta arimaz bihurria; zerbitzatzen duen noble sibarita eta gonazalea; eta bufoiaren maleziagabeko eta arima garbiko alaba gaztea. Aldi berean sedukzioz eta mendekuz betetako istorioa da Rigoletto, eta musika erakargarria eta ñabardura psikologikoz betetako libretoa ditu.

 

Bigarren opera agerraldia

Eskarmentu haundiko abeslariak ikusi ahal izango dira rol nagusietan. Lehendabizi, Rigolettoren paper nagusian Marzio Giossi baritonoa izango da. Gilda alabaren rolean Scilla Cristiano arituko da. Mantovako Dukearen lanak egiten Jose Luis Sola tenor nafarra izango da. 

2019an Nabucco eman eta gero, Eragiyokentzat bigarren opera agerraldia izango da oraingoa, eta oraindik ere beste behin igoko da Amaiako oholtzara, azaroan Donizettiren La fille du régimenten parte hartuko baitu.

Opera emanaldiez gain, taldeak ilusioz eta proiektuz betetako urteari aurre egingo dio. Euskal Herriko hainbat herritan abestuko du hala nola Basaurin, Donostian ala Kanbon, Astigarragan bertan izango dituzten emanaldiak ahaztu gabe. Nolanahi ere, jauzirik garrantzitsuena nazioarteko bi jaialditan izango duen parte hartzeeekin etorriko da. Frantzian ospatuko diren ahots berdineko abesbatzen bi jaialditarako gonbita jaso du, uztailean eta urrian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!