Ur bizitan murgilduko dira gaur astigartarrak, Haatik dantza konpainiak eskainiko duen dantza garaikideko ikuskizunarekin. Zuzeneko musikarekin girotuko dute lana, baina dantza ikuskizunaren aurretik, sortze prozesuko dokumentala eskainiko dute: «Urumea ertzean bizi zen familia baserritar baten kontakizunek bultzatu gaituzte sorkuntzaren bidaia hau abiatzera. Haien aitortzek hunkitu, alaitu, liluratu eta haserretu gaituzte. Baina batez ere, zer pentsatua eman digute».
Arratsaldeko 18:30etan sortze prozesuko dokumentala proiektatuko dute, eta hau amaitzean, 19:00ak inguruan, dantza, zuzeneko musika eta hitza uztartzen dituen emanaldi ikusgarriaz gozatzeko parada izango dute astigartarrek. Sarrerak 8 euro balio du helduentzat, eta 4 euro, txikientzat.
Haatik Dantza Konpainiak nabarmendu du, Ur bizitan emanaldia modu jasangarri batean bizitzeko aukeraz diharduen gogoeta bat dela: «ez da ekintza huts eta anekdotikoetan oinarritzen den lan bat».