Bikain aritu da Xabier Mikel Azparren astigartarra, bakarkako lanean, Alentejoko Itzuliko erlojupekoan. Eta helmugara iritsi denean, berak markatu du denborarik onena (12:41), segundu bat baino gutxiagoko tartearekin, José Neves portugaldarrarekin. Baina sasoi ezin hobean dabil Orluis Aular liderra, eta astigartarraren denbora gainditu du (12:39), bi segunduko aldearekin.
Hori horrela, bigarren jarraitzen du Azparrenek, Alentejoko Itzuliko sailkapen nagusian. Bost segundu aurretik dauka Aular, eta aldiz, urrundu egin dituzte gainerako lehiakideak: 24 segundura dago hirugarrena, José Neves bera. Hori horrela, ezustekorik ez bada, bien artean jokatuko dute sailkapen nagusiko garaipena bihar, azkeneko etapan. Nahiko etapa laua izango dute, Castelo de Viden hasi eta Évoran bukatu, 172 kilometrokoa. Azkeneko kilometroetan, ordea, gorantzako joera izango du errepideak. Aular liderra izan da orain arteko txirrindulari azkarrena, Alentejoko Itzulian; baina ezustekoa bilatuko du Azparrenek, sailkapen nagusia irabazten saiatzeko.