'Ur bizitan' bustiko da Erribera kulturgunea, bihar arratsaldean

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 19a, 00:00

Musikak jantziko du zuzenean, biharko emanaldia. Argazkia: Haatik.

Bihar arratsaldeko 18:30etan, Ur bizitan emanaldiaren sortze prozesuko dokumentalak hartuko du Erriberako pantaila, eta arratsaldeko 19:00etan, berriz, oholtza konkistatuko du, dantza, zuzeneko musika eta hitza uztartzen dituen emanaldiak. Sarrerak Astigarraga.eus webgunean erosi daitezke. 

Ur bizitan murgilduko dira bihar astigartarrak, Haatik dantza konpainiak eskainiko duen dantza garaikideko ikuskizunarekin. Zuzeneko musikarekin girotuko dute lana, baina dantza ikuskizunaren aurretik, sortze prozesuko dokumentala eskainiko dute: «Urumea ertzean bizi zen familia baserritar baten kontakizunek bultzatu gaituzte sorkuntzaren bidaia hau abiatzera. Haien aitortzek hunkitu, alaitu, liluratu eta haserretu gaituzte. Baina batez ere, zer pentsatua eman digute». 

Arratsaldeko 18:30etan sortze prozesuko dokumentala proiektatuko dute, eta hau amaitzean, 19:00ak inguruan, dantza, zuzeneko musika eta hitza uztartzen dituen emanaldi ikusgarriaz gozatzeko parada izango dute astigartarrek. Sarrerak 8 euro balio du helduentzat, eta 4 euro, txikientzat. 

Dagoeneko hamar urte dira, Aiert Beobidek Haatik Dantza Konpainia abian jarri eta ordutik zuzentzen duenetik. Gainera, konpainia hau sorkuntza propioetan lan egiteaz gain, hainbat sortzaileekin elkarlanean aritu da proposamen artistiko ezberdinak eskainiz. Beraz, hamarkada hau ospatze aldera, honako erronka jarri du Haatik konpainiak: «hunkitzen duen gai mamitsu bati ikuspegi ez-ohiko bat aurkitu, eta bidaia lagun izan dituen artista eta sortzaileez inguraturik, buru-bihotzetik, sentimendu eta jakiteaz osatutako lan bati aurre egitea». 

 

«Ez da ekintza huts eta anekdotikoetan oinarritzen»

Haatik Dantza Konpainiak nabarmendu du, Ur bizitan emanaldia modu jasangarri batean bizitzeko aukeraz diharduen gogoeta bat dela: «ez da ekintza huts eta anekdotikoetan oinarritzen den lan bat; jaki, jantzi edo kontsumo beharrei begira soilik. Bizitza beraren oinarri eta garapenean baizik». Horregatik dio, gizaki eta natura baliabideen arteko elkar ulertze zintzo baten beharrean kokatzen den alegoria bat dela lan hau: «eta zoritxarrez horren ohituta gauden arren, natura gizakiaren beharretara moldatzeko joeraren ondorioak agerian utzi nahi ditugu».

Gaur egun Astigarragan bizi den familia baserritar baten kontakizunak bultzatu du konpainia sorkuntzaren bidaia hau abiatzera, izan ere: «haien aitortzek hunkitu, alaitu, liluratu eta haserretu gaitu, baina batez ere, zer pentsa sorrarazi eta garai haietako gertaeren inguruko jakin-mina piztuz».

Ur-bizitan lana, hiru ekitalditan banatuta dago, eta Kronikak lehenaren (Norbera eraiki)  zertzeladak emango ditu, gainerakoez zuzenean goza dezazuen: «Ura eta lurra dira Naroaren erreferentziak. Errekaren joana eta zuhaitz adarren dardara ditu lagun fisiko eta sinbolikoak: egarria kentzen diote, gosea kentzen diote, etxea eraikitzeko baliabideak eskaintzen dizkiote, mezuak bidali eta galderei erantzun. Norbera eraiki etxea eraikiz. Etxea, bere bigarren gorputza. Txalupa baten hezurdura deskubritu du urpean. Hezurdurak bere bizitza kontatzen dio. Gogorra. Ura etsai, etsai zitala. Ez dio sinetsi, txalupa berrosatu du. Etxea, ibaia, txalupa. Joan, etorri, egon. Eraman ekarri, maitatu. Ederra da bizitza». k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!