Haundia egin du Xabier Mikel Azparren txirrindulari astigartarrak, gaurkoan: bere estreinako garaipena lortu du profesionaletan, Alentejoko Itzuliko bigarren etapa irabazita, Portugalen, Bejatik Portelera (187 kilometro). Tiago Machadorekin batera helmugaratu da Azparren, talde nagusiaren aurretik, eta esprintean menderatu du portugaldarra. Gainera, astigartarra da lasterketako liderra orain.
Helmugatik 10 kilometro pasatxora egin dute ihes Azparrenek eta Machadok, eta minutu erdi inguruko tartearekin izan dira aurretik. Azkeneko kilometroetan, tartea asko murriztu die tropelak, baina garaipena beraien artean lehiatzeko aukera izan dute biek, eta profesional mailan aurrenekoz jaso ditu besoak Azparrenek, bere bigarren denboraldian. Zazpi segundura helmugaratu da talde nagusia, azkenean, Orluis Aular liderra buru zuela.
Hori horrela, astigartarra da lider orain, eta Aularrekin hiru segunduko tartea dauka. Machado da hirugarren, sei segundura. Beste hiru etapa izango dituzte aurretik, igandera bitartean; eta lidertza defendatzen saiatuko da Azparren, taldearen laguntzaz. Gainera, larunbatean 8,4 kilometroko erlojupekoa lehiatuko dute, eta horretan espezialista da astigartarra. Beste bi etapak, berriz, lauak dira, hasiera batean esprintean lehiatzekoak.