Astigarragako Sortuk Ukrainako gatazkaren inguruko hitzaldia antolatu du gaur 19:00etarako, Zipotza elkartean. Hizlaria Txente Rekondo nazioarteko aditua izango da. 2014an hasi zen gatazkak zortzi urte bete ditu aurten, eta gakoak aipatuko ditu.
Txente Rekondok otsailaren 26an argitaratu zuen artikuluan aipatzen zituen Errusiaren helburuak, Ukrainan sartzeko. «Errusiaren helburua nahiko argia da, munduak entzutea nahi du, eta konturatzea hitz egiten duen herrialdea ez dela Gerra Hotza galdu zuen herrialde bera. Gaur egun, Errusiako armada asko modernizatu da, eta mendebaldeko militar asko harritu dituen gaitasun operatiboa erakusten du. Eta gihar militar horri, Txinarekin duen elkartze politiko, ekonomiko eta militarra gehitu behar zaio».
«NATOren hedapena zapuztu»
Rekondoren ustez, «aspalditik, Putinek, Errusiak munduan duen pisua bultzatzearekin batera, eta eragin-esparruak mantentzeko eskubidea defendatzearekin batera, adierazi du beharrezkoa dela AEBek eta Mendebaldeko aliatuek Errusia errespetatzea, Gerra Hotzaren amaieratik Mendebaldeko kantzilertzetan Errusiarantz ezarri den gutxiespen eta mespretxuarekin buka dadin».
Ukrainako azken mugimendu militar honekin, Errusiak NATOren hedapena zapuztu nahi omen du herrialde horretan, dio Txente Rekondok. «Eta 2008an Georgian egin zuen bezala, paradigma-aldaketa nabarmena ekarri zuena, orain Donbasseko errepublika herrikoien babesarekin asko zailtzen du Ukraina NATOn sartzea».
Era berean, Txente Rekondoren ustez, «muskulu politiko eta militarraren erakustaldi hori, mezu argia da Mendebaldeko belatzek Moskun erregimen-aldaketa bat abian jartzeko, inoiz ezkutatu ez dituzten saiakeren aurka. Kazakhstango gertakari berriak abisu bat edo erantzun bat izan ziren, norabide berean: koloreen iraultzak Sobietar Batasuneko espazio zaharrean amaitu dira».