Emozioz betetako asteburua izan da astigartarrentzat. Egutegian ondo markatutako horietakoak izan dira, hain zuzen, larunbateko eta igandeko egunak.
Asteburua ezin hobe hasteko, 22. Korrikarako motorrak berotzeko asmotan, Korrika eguna ospatu zuten Foru Plazan, Jose Barandiaran plazan eta Herri Eskolan. Egiteko mordoa izan zen egun osoan: antzerkia, dantza, bertso eta kantu bazkaria… Ederki aritu ziren astigartar guztiak, umeak, gazteak zein helduak. Guztientzako izan zen aukera antolatutako ekintzetan.
Igandean, aldiz, joan den urtean jaiotako haurrei egin zieten aitortza. Zuhaitz eguna ospatu zuten eta 95 zuhaitz landatu zituzten Anuska inguruan. Hantxe bildu ziren familia guztiak, eta banan-banan deitu zituzten guztiak, jaioberriaren izenarekin, bakoitzak bere landaketa egiteko. Irribarreak eta giro ona izan ziren nagusi, beti gogoratuko duten zita garrantzitsu horretan.