Korrika eguna eta Gazte korrika ospatuko dituzte asteburuan

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 8a, 00:00

Ostiralean, gazteak kintoka banatu eta elkarri pasako diote lekukoa. Larunbatean, egun osoko egitaraua izango da. 

Asteburu berezia izango da datorrena, astigartar guztientzat. Hain zuzen, 22. Korrikako atarian, Korrika eguna eta Gazte korrika antolatu dute ostiralerako eta larunbaterako, hurrenez hurren. 

Hilaren 11n, gazteak kintoka banatuko dira eta elkarri pasako diote lekukoa, 20:00etan hasita. Aurreratu dutenez, ibilbidea zehazteke dago oraindik, baina Zipotzan hasi eta bertan bukatuko da. 

Hilaren 12an, berriz, Korrika eguna ospatuko dute herrian. Egun osoko egitaraua prestatu dute, goizeko 10:00etan hasita. Frontoian hasiko da ospakizuna, gaztetxoen pelota partiduekin. Ondoren, 11:00etan, haurrentzako Hemendikara zirku ikuskizuna izango da Foru Plazan edo Ikastolan. Horrez gain, Korrikaren koreografia ikasteko aukera izango da Foru Plazan eta, bitarte horretan, Xaguxarreko kideek aurpegiak margotuko dizkiete umeei. Hori ez ezik, Korrikari buruzko pankarta bat ere egingo dute umeekin batera, udaletxeko balkoian zintzilikatzeko. Hori amaituta, 12:30etan, plaza-dantzak izango dira, Joseba Barandiaran plazan. 

Eguerdirako, bertso eta kantu bazkaria antolatu dute Beñat Gaztelumendirekin eta Nerea Elustondorekin, 14:00etan, frontoian. 

Azkenik, 18:00ak aldera, Kitadelpare txaranga izango da herrian barrena. k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!