Astigarragako Udalak herriko emakumeen historia ezagutzera eman nahi du, «berreskuratuz eta ezagutzera emanez herriko bizitza kultural, sozial, ekonomiko eta politikoan egin duten ekarpena». 2020garren urtean sortu zuen bekaren lehen edizioa, zeinari esker XX. eta XXI. mendeetako emakumeen gorputz praktiken inguruko ezagutzak areagotu eta zabaldu ahal izan diren.
Bigarren deialdi honen bidez, aztertu nahi da zer-nolako papera izan duen «historikoki zein gaur egunera begira emakumeak Astigarragako komertzio txikian, merkaturatze zirkuitu laburretan eta lehenengo sektoreko produktuen salerosketan».
Hori horrela, Astigarragako Udalak nabarmendu du komertzio txikiak potentzialtasun nabaria duela herrigintzan: «tokiko garapenean, genero desberdintasunean, eta kohesio sozialean, eta auzokoen bizitza sozio-komunitarioan egin duten hainbat eginkizun betetzen ditu». Emakumeek saltzaile zein erosle izan diren heinean, herriko ekonomiari eta eguneroko bizitzari egin dioten ekarpena agerian jartzeko bitarteko izan nahi du ikerketa-beka honek.
Eskabideak aurkezteko epea
Eskabideak aurkezteko epemuga martxoaren 25a izango da, eta beka eskuratzen duenak, 8.000 euro jasoko ditu abenduaren 1era bitartean, aipatutako ikerketa gauzatzeko.