Beste garaipen bat Mundarrok, Añorga bigarrenez menderatuta

Kronika - Erredakzioa 2022ko mar. 1a, 00:00

Mundarroko jokalari bat, aurreko partidu batean.

Hilabete berean bi bider jokatu dute, eta bietan nagusitu da Mundarro; oraingoan, 59-65 irabazi zuten Benta Berrin, urrian atzeratutakoa.

Atsedena zuten asteburuan, Gipuzkoako Ligan; baina atzeratutako partidu bat jokatu zuen Mundarrok, larunbat arratsaldean. Eta garaipen haundia lortu zuten astigartarrek, Añorgaren kontra (59-65), Benta Berri kiroldegian.

Hilabete berean bi bider aritu dira elkarren kontra, Mundarro eta Añorga; eta bietan lortu dute garaipena astigartarrek. Otsailaren 7an jokatu zuten Astigarragan, eta 61-52 nagusitu zen Mundarro. Larunbat honetan jokatutakoa, berriz, urriko partidua zen, ligako laugarren jardunaldiari zegokiona; eta añorgarrei neurria hartua dietela erakutsi dute astigartarrek.

Partidu hasiera bikaina izan zuen Mundarrok, eta 2-12 eta 4-16 aurreratu zen markagailuan. Aurreneko laurdenaren bukaera aldera gerturatu zen Añorga, eta 13-20koarekin iritsi ziren bigarrenera. Horretan, gehiago kosta zitzaien astigartarrei, hasieran erakutsitako maila ematea; eta aurretik ere izan ziren añorgarrak une batean (30-29), baina Mundarroren aldekoa izan zen markagailua, atsedenaldian (32-34). Tartea, ordea, oso txikia zen.

Orduan berreskuratu zuen bere maila onena Mundarrok, eta 6-7 punturen aldea lortu zuen hirugarren laurdenaren erdialdera. 43-49 iritsi ziren azkeneko laurdenera, oraindik edonork irabazi zezakeela; baina laurden hasiera bikaina izan zuten astigartarrek, eta 15 punturen aldea lortu zuten (44-59), bost minuturen faltan. Azkeneko saiakera egin zuen Añorgak, eta baita gerturatu ere, 10 puntu segidan lortuta (54-59); baina garaipena ziurtatzeko gai izan ziren astigartarrak, azkeneko minutuetan.

Agoues kapitaina izan zen Mundarroko saskiratzaile onena, 21 punturekin; eta horietatik, bigarren laurdenean lortu zituen 8 puntu, taldeak zailtasun gehien zituenean. Izagirrek, berriz, bere 11 puntuetatik 8 lortu zituen azkeneko laurdenean, taldeari ahalbidetu ziotenak markagailuan ihes egitea.

Horrekin, bederatzi garaipen dituzte astigartarrek, 18 partidutan. Une honetan zazpigarren daude sailkapenean, Final Fourretik urruti (hiru garaipenera), baina toki erosoan, beheko postuetatik urruti. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!