Herriko emakumeek historian egindako ekarpenak ezagutzera emateko bidean, pausoak ematen jarraitu nahi du Astigarragako Udalak; eta horretarako, bigarrenez emango du ikerketa beka, Astigarragako emakumeen historia jaso, landu eta herritarren eskura jartzeko. 8.000 euroko beka da, eta abenduaren 1era arte izango da epea, proiektua gauzatzeko. Proposamenak aurkezteko epea zabalik dago, martxoaren 25era arte.
18 urtetik gorako herritarrek izango dute beka jasotzeko aukera, eta bakarka edo taldean egin daiteke ikerketa. Udaletxeko erregistroan aurkeztu behar dira eskaerak, eta bi kartazal aurkeztu beharko dira. Aurrenekoan, izengoitia erabilita eta inolako sinadurarik gabe, proiektuaren hiru kopia jaso beharko dira, eta honakoa azaldu beharko da horietan (15 orrialdetan, gehienez ere): ikertzaileen esperientzia, landuko den gaiaren aurrekariak eta egungo egoera, helburu zehatzak, materialak eta lan metodologia, lan plangintza, lanaren helburuaren betetze-aurreikuspena, eta ikerketa egiteko beste finantzaziorik jasoko ez den zinpeko idatzia. Bigarren kartazalean, berriz, kanpoaldean idatzi behar da deialdiaren helburua (Astigarragako emakumeen historia jaso, landu eta herritarren eskura jartzeko helburua duen ikerketa beka); eta barruan, ikerketaren arduradunen datu pertsonalak (izen-abizenak, izengoitiak, helbidea, harremanetan jartzeko telefonoak, eta nortasun agirien fotokopiak), curriculum vitaeak eta tituluen egiaztagiriak.
Komertzio txikia eta lehen sektoreko produktuen salerosketa, aurtengo gaia
Ikerketa bekaren bigarren deialdi honetan, merkataritzarekin lotutakoa izango da landu beharreko gaia. Zehazki, aztertu nahi dute zer nolako papera izan duen emakumeak, historikoki eta gaur egun, Astigarragako komertzio txikian, merkaturatze zirkuitu laburretan, eta lehenengo sektoreko produktuen salerosketan.
«Gertuko komertzioak, berezkoak dituen merkataritza funtzioak ez ezik, auzokoen bizitza sozio-komunitarioan eragina duten hainbat eginkizun ere betetzen ditu. Horrela, komertzio txikia sostengu sozio-emozionalerako gune izan da tradizionalki herritar eta bizilagunentzat; elkarren artean erlazionatzeko, elkarrekin eragiteko eta elkar zaintzeko esparru naturala. Hein haundi batean, emakumeak izan dira espazio hori sortu, bizitu eta mantendu dutenak; beraiek izan baitira establezimenduetako langile eta arduradun, baita errekadutan ibili direnak ere», azaldu dute deialdian: «gaur egun ere, Astigarragako establezimendu komertzialetan, emakumezkoek duten presentzia oso nabarmena da. Tamalez, horren gaineko ikerketa formalik ez da burutu; ez egungo egoera aztertzen duenik, ez eta urteetan zehar betetako papera goraipatzen duenik ere». Hori gauzatzea sustatu nahi du Udalak, ikerketa bekarekin.