Segurtasuna eta zintzotasuna. Ezinbestekotzat jotzen da estabilitatea, hau da, bestearen beharra dugunean berarekin kontatu ahal izatea. Sentitzen dena argi adierazteko aukera izatea eta mugak errespetuz jartzeko aukera.
Harremanean garrantzitsuak garela onartzea. Harreman batzuetan definizioa falta da eta ez da aitortzen besteak norbere bizitzan duen lekua. Horrek, lotura urratu dezake. Errekonozimendua eman eta jasotzea garrantzitsua da. Baita, besteaz atsegin duguna esatea, edota guk dugun berezitasun hori balioan jartzea.
Elkar zaintza. Elkar entzutea. Babesa. Nahiz eta bakoitza bere buruaz arduratzeko gai izango den, ondokoaren arreta, begirada positiboa eta hanka sartzen dugunean onartuak izaten jarraitzea ezinbestekoa dugu. Eta hau guztia modu egonkorrean izateak balio handia du.
Besteak gu sentitzea, gu bestearen errealitatean murgiltzea. Norbere esperientzia partekatzean besteak gurekin sintonizatzea, konplizitatetik, ulermenetik, hurbil, burbuila berean bagina bezala.
Norbera den bezalakoa izatea, autentikoa, naturala. Emozionalki eta fisikoki aske sentitzea, kritikatua izan gabe, lotsarik gabe, epaitua izan gabe, baldintzarik gabe. Elkarren errespetua oinarri izanik.
Bestearengan eragina izan. Adierazpen edo jokabide baten ondorioz, besteak erreakzionatzea. Ikusia sentitzea. Adibidez, ilea moztean, bestea ohartzea, edo jaki goxo bat prestatzean, balioan jartzea. Lorpenen aurrean, elkarrekin ospatzea. Elkar txalotzea.
Besteak aurrea har dezala. Besteak ez luke zain egon beharko guk hau edo beste egiteko beti. Baizik eta bere kabuz iniziatiba hartzea oso baloratua da. Ezin dugu sentitu beti harremanean tiraka goazela. Edo beti zama bat garela. Arlo erotikoan ere, hau gako garrantzitsua da.
Sentimenduak adieraztea. Harreman guztietan, maitatua, onartua, mirestua, goraipatua edo kontuan hartua sentitzea oinarrizkoa da. Eta horretarako, maitasun sentimenduak adieraztea berebizikoa dugu.
Betetzen al dira behar guzti hauek zure harreman garrantzitsuetan?