Asteartean Astigarragako Plenoan gai ordenean zeuden puntu guztiak onartu ziren eta bozkatu behar izan zirenak aho batez onartu ziren. Honela, hainbat aldaketa onartutzat gelditu ziren, hala nola, 2022ko zerga fiskalen aldaketa, merkataritza lokalak etxebizitza bihurtzeko ordenantzaren aldaketa eta Udal etxebizitza tasatuak arautzeko ordenantzaren aldaketa.
Xabier Urdangarin alkateak, Sagardoetxearen etorkizunari buruzko herri-galdeketan ateratako emaitzen berri ere eman zien alderdiei. «Dakizuenez otsailaren 6an, Sagardoetxearen herri galdeketa burutu genuen eta emaitzak dagoeneko ezagutzera eman dira. Hala ere, osoko bilkurara ekarri ditugu. Beraz, dakizuenez bozka eman zuten 713 herritarrek; horietatik 453k ezezko botoa eman zuten, eta baiezkoa, berriz, 253 izan zen. Bost boto zurian izan ziren, eta bi baliogabeak. Beraz, honekin, ikusi dugu astigartarrek argi dutela zein den Sagardoetxearen etorkizuna, eta orain arteko instalazio eta baliabideekin jarraitu behar duela».
Etxez etxeko laguntza zerbitzua finantzatzeko hitzarmena berritua Aldundiarekin
Jarraian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Udalaren arteko lankidetza-hitzarmenari buruzko xehetasunak helarazi zituen Astigarragako alkateak, eta aipatu zuen 2018an sinatu zutela lankidetza hitzarmena, eta 2021garren urtean iraungi zela, eta hitzarmen honek etxez etxeko laguntza zerbitzua finantzatzea zuela helburu. Hitzarmena berritu dute, eta 2023ko abendura arte izango luke iraupena: «eta luzatzeko aukera ere badago». Azkenik, bozkak eman eta aho batez onartu zuten.
Ondoren, etxez etxeko laguntza zerbitzuaren kontratua eta babestutako etxebizitzetako erabiltzaileentzat laguntza zerbitzuaren kontratua luzatzea onartu zen, aho batez.
Eta gai ordenari amaiera eman zitzaion, Emakumeen Nazioarteko egunari lotutako Adierazpen Instituzionalaren proposamena helaraziz. «Astigarragako Udalak hainbat konpromiso hartu ditu; hala nola, Astigarragako Hirugarren Berdintasun planak garatzen jarraitzea; berdintasun teknikariaren lan baldintzak egonkortzeko hautaketa prozesua amaitzea; eta emakumeek historian zehar eta gaur egun Astigarragari egin dioten ekarpena erakusteko ekintzak antolatzen jarraitzea» besteak beste.
«Urtea amaitzerako DBHko proiektua idatzita egongo da»
Informazio, galdera eta eskarien tartean, Nerea Zusberro Astigarragako EAJko bozeramaileak DBHren egoerari buruz galdetu zuen, eta alkateak xehetasunak eman zizkion: «horretan gaude, bilerak egin ditugu, baina esan dezaket, urtea amaitzerako proiektua idatzita egongo dela, beraz, emango dugu honen berri aurrera doan heinean».
Hau azalduta, autobusen egoera jarri zuen mahai gainean alderdi jeltzaleak, eta alkateak honakoa erantzun zuen: «Mugi plataformak, Foru Aldundiarekin izan zuen bilera telematiko bat, hain zuzen ere, joan den astean. Gure aldetik, aspaldi eskatu genion Donostiako Udalari bilera bat, egoera hau aztertze aldera, eta otsailaren 8an egin genuen. Bilera horretan Donostiako Udala prest agertu zen, hau da, autobusen ibilbideak luzatzeko aukera posible ikusten zuten. Eta idatzi bat bidali genion Foru Aldundiari, baina oraindik berrien zain gaude, eta itxaroten ari gara».
Plenoa amaitzeko, alkateak aipamen bat egin zuen, Gaztelekuari buruz. Izan ere, Gaztelekuko hezitzaileek idatzi bat egin dute, EAJri erreferentzia eginez. EAJk, Gaztelekuaren inguruan argitaratutako txio baten harira. Urdangarinek, azaldu du Gaztelekuko hezitzaileak «minduta daudela», eta alkateak bere desadostasuna azalarazi du: «txio horretan, egiten zaio erreferentzia Gaztelekuari, eta bertan dauden pintaden erantzule egiten zaie. Pintadak egin dituzte bai, baina ez dakigu nork egin dituen, eta hori Gaztelekuarekin lotzea erabat desegokia iruditzen zaigu».