Apirilaren 18an egingo dute Gazte Sortzaileen Azokaren bigarren edizioa, Astigarragan

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 23a, 00:00

Herritar asko gerturatu ziren Gazte Sortzaileen Azokara, estreinako edizioan.

Parte hartzeko, aldez aurretik eman beharko da izena, mezua bidalita helbide elektroniko honetara: 'astiarrakogaztiak@gmail.com'.

urreneko edizioak izandako arrakasta ikusita, segida izango du Gazte Sortzaileen Azokak, Astigarragan. Apirilaren 18rako jarri du hitzordua Astigarragako Gazte Asanbladak, eta beraz, astelehenarekin izango da aurtengoa, jaiegunez.

Hori horrela, postua jartzera animatzeko deia luzatu diete sortzaile gazteei. Hala egin nahi dutenek, posta elektronikoz bidali behar dute mezua, ondoko helbide honetara: astiarrakogaztiak@gmail.com. Mezu horretan, azaldu beharko dute proiektuaren izena, postuan egongo den pertsona kopurua, eta postuan eskainiko dutena. Gainera, aukeran izango da norberaren lanen argazkia bidaltzea ere, eta baita beraien sare sozialetako kontuen lotura ere, edukiz gero.

 

Aurreko urtean, 26 postu

Joan den urtean, apirilaren 5ean izan zuen estreinako edizioa, Gazte Sortzaileen Azokak; eta 26 postu jarri zituzten orduan, lau plazatan banatuta: Emakumeon Plazan, Kontxa Etxeberria plazan, Norberto Almandozen eta Joseba Barandiaranen. Mota guztietako produktuak jarri zituzten horietan: zeramika lanak, argazkiak, ilustrazioak, ehun eta gantxillo lanak, pintura, paperezko pitxiak, txotxongiloak, makramea, gozoak, poltsak, arropa kustomizatua, akuarela lanak, serigrafia...

Gainera, zuzeneko musika ere izan zen, kontzertua eskaini baitzuen Ameba rock taldeak, Emakumeon Plazan, azokari bukaera emateko. Goizean zein arratsaldean egon zen azoka zabalik, eta herritar asko eta asko gerturatu ziren postuetara. Azokak izandako erantzunarekin oso pozik azaldu ziren antolatzaileak eta sortzaileak, eta horregatik, hutsik egin gabe antolatu dute bigarren edizioa, aurten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!