Xabier Mikel Azparrenek mendiko saria lortu zuen Almeriako Klasikoan

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 15a, 00:00

Xabier Mikel Azparren, Almeriako Klasikoaren podiumean.

Eguneko ihesaldian aritu zen astigartarra, eta saria izan zuen. Enekoitz Azparren, hirugarren Maulen.

Maila ederrean hasi dute errepideko denboraldia, Xabier Mikel eta Enekoitz Azparren astigartarrek; eta bide beretik jarraitu dute asteburuan, bi anaiek. Protagonista izan dira biak, Almeriako Klasikoan eta Essor Basque lasterketan.

Almeriako Klasikoan aritu zen Xabier Mikel Azparren, eta beste behin, eguneko ihesaldian izan zen astigartarra. Seigarren kilometroan egin zuen ihes, Postlbergerrekin eta De Wilderekin batera; eta 160 kilometro baino gehiago egin zituzten aurrean, elkarrekin. Astigartarra aurreneko postuan pasa zen eguneko lau mendatetatik, eta horrenbestez, saria izan zuen azkenean, tropelak helmugatik 20 kilometrora harrapatu zituen arren: mendiko saria eskuratu zuen Azparrenek, eta podiumera igo zen, hura jasotzera.
 
Enekoitz Azparren, seigarren Essor Basqueko sailkapenean
Afizionatu mailan, berriz, Essor Basque lasterketako azkeneko hiru probak lehiatu zituzten, eta tartean izan zen Enekoitz Azparren. Astigartarrak ezin hobeto bukatu zuen lasterketa, eta garaipena lehiatu zuen igandean, azkeneko proban, Maulen. Lau laguneko talde batean iritsi zen, eta sprintean lehiatu zuten garaipena, baina hirugarren izan zen Azparren, azkenean.

Horrekin, bost eguneko lasterketa bikaina borobildu zuen Azparrenek, egunero maila onean arituta. Larunbatean, adibidez, 12garren sailkatu zen, Donazaharretik Donibane Garazira bitarteko etapan; eta ostiralean zazpigarren izan zen, Donapaleun. Horrela, astigartarrak seigarren bukatu zuen, Essor Basqueko sailkapen nagusian. 

Jarraian, Essor Basqueko azkeneko hiru proben laburpenak, Txirrindulariak.com atariaren eskutik.

Hirugarren proba: Donapaleu


Laugarren proba: Donazaharre-Donibane Garazi


Bosgarren proba: Maule

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!