Azken datuei erreparatuta, aldaketa nabarmena izan da Astigarragako biztanlerian. Izan ere, 20 urtetan, ia bikoiztera heldu da biztanle-kopurua.
Udalak adierazi duenez, «pixkanaka gero eta pertsona gehiago dira herri honetan bizitzeko hautua egiten dutenak». Horrekin batera, aipatu dute jaiotza-tasa ere «altua» dela «Gipuzkoako batez besteko datuekin alderatuta».
2001. urteko abenduaren 31n, 3.791 pertsona bizi ziren herrian, eta 2021ean, berriz, 7.465 biztanlera igo da kopurua. Jaiotze-tasari dagokionez, iaz, 97 haur jaio ziren; baina izan dira haur gehiago jaio diren urteak ere, 2017an, besteak beste, 120 izan baitziren herrian jaiotako haurrak.
Gipuzkoako batez besteko datuak aintzat hartuta, jaiotza-tasan beherakada jarraikorra egon da 2014. urtetik. Urte horretan, hain zuzen, 9,0an zegoen jaiotza-tasa Gipuzkoan 1.000 biztanleko; eta, egun 7,0koa da (Gipuzkoako azken datuak 2020. urtekoak dira). Astigarragan, aldiz, 13,0koa da egungo jaiotza-tasa (2021eko datuak dira azkenak).
Datu guztiak eskuragarri daude Astigarragako Udalaren webgunean: astigarraga.eus.