Asteartean, Baserritarren azterketa sozioekonomikoaren aurkezpena

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 13a, 00:00

Gaizka Irigoienek azalduko ditu prozesuaren emaitzak, 11:00etan, udaletxeko Pleno Aretoan.

Datorren asteartean, hilaren 15ean, baserritarren azterketa sozioekonomikoaren aurkezpena izango da Pleno Aretoan, goizeko 11:00etatik aurrera. 2014 urtean, hain justu, Baserritarren egoera sozioekonomikoaren gaineko azterketa egin zen, eta, bertan, besteak beste, azaleratu ziren baserrietako beharrak.  «Orain, berriz, 2021ean, orduko datuak eguneratu eta txosten bera eguneratu da», azaldu dute arduradunek.

Baserritarrekin elkarrizketak, inkestak eta txostena bera, Gaizka Irigoien nekazal ingeniariak egin eta idatzi du. Eta datorren ostegunean, hain zuzen ere, azterketaren emaitzen zertzelada nagusiak azalduko ditu Irigoienek. Aurkezpenean, gainera, parte hartuko dute Udal teknikariek eta zinegotziek, eta baita Udalak 2014an sortu zuen Baserri Mahaia izeneko taldeko kideek ere; besteak beste, baserritarrek, eta Goldea Elkarteko zein Baratze Elkarteko ordezkariek.

Antton Arka Goldea Elkarteko kideak joan den urteko maiatzean Kronikari azaldu zionez, Baserri Mahaiko kideek hiru hilean behin egin dituzte bilerak. Galdetegien bidez, jaso nahi izan dute baserri bakoitzaren jarduera mota, dedikazioa, beraiena ote den baserria, erabiltzen duten makineria... Izan ere, baserrien egoeraren mapa «eguneratu» nahi dute, eta horren arabera, ekintza marko bat zehaztu, haien beharrei aurre egiteko. Horren guztiaren eta jasotako ondorioen berri emango du Gaizka Irigoienek, asteartean, udaletxean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!