Zesta puntako Udazken Saria irabazi du Ander Mendizabalek

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 12a, 00:00

Ander Mendizabal (eskuinean), Igor Enbil zumaiarrarekin, saria jasotzen.

Alebin mailan nagusitu zen astigartarra, aurreko ostiralean, Mutrikuko Miruaitzen jokatu ziren finaletan.

Ez da oso ohiko modalitatea zesta punta, Urumea bailarako gazteen artean. Baina bada gaztetxo bat Astigarragan, maila ederrean ari dena: zesta puntako Udazken Saria irabazi du Ander Mendizabalek, Igor Enbil zumaiarrarekin batera. Donostia Jai Alai taldean ari da astigartarra.

Aurreko ostiralean jokatu zituzten txapelketako finalak, Mutrikuko Miruaitz frontoian; eta alebin B mailan aritu zen Mendizabal, Enbilekin. Aurrez aurre izan zituzten Pablo Paniagua (Danok Bat) eta Eñaut Goñi (Zumaia), eta 2-0 nagusitu ziren. Lehiatua izan zen aurreneko jokoa, 13-10 irabazi zutena; baina erosoago nagusitu ziren bigarrenean (13-6).

Txapelketa borobila osatu du astigartarrak. Ligaxkan, bost partidu jokatu zituen, bakoitza bikotekide ezberdin batekin; eta bostetan lortu zuen garaipena, 10 joko irabazi eta bakarra galduta. Horrela, bera izan zen alebin B kategoriako aurrelari onena, eta Enbilekin tokatu zitzaion finala jokatzea. Eta ligaxkan bezalaxe, finalean ere ez zuen hutsik egin astigartarrak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!