Valentziako bigarren etapan protagonista, Azparren

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 8a, 00:00

Ihesaldian izan zen astigartarra, beste behin. Enekoitz Azparren anaia, 10garren Kanbon.

Valentziako Itzulian aritu zen Xabier Mikel Azparren astigartarra aurreko astean, bost etapatan, asteazkenetik igandera. Eta protagonista izan zen, bigarren etapan: eguneko ihesaldian sartu zen, beste behin. 

Sei txirrindulari aritu ziren ihes eginda, 171 kilometroko etapan, Béteratik Torrentera; eta helmugatik 51 kilometrora zegoen mendatean, horietatik lauk egin zuten aurrera. Tartean zen Azparren bera ere, eta oso jarrera aktiboa izan zuen astigartarrak, tropelaren bultzadari eusteko; baina helmugatik 24 kilometrora harrapatu zituen talde nagusiak. 

Essor Basqueko proban 10garren, Enekoitz Azparren

Profesionalek ez ezik, afizionatu mailakoek ere ekin diote denboraldiari. Eta asteburuan lehiatu dituzte Essor Basqueko aurreneko bi probak: Bokaletik Tarnosera larunbatekoa, eta Kanbon igandekoa. 

Eta bigarren horretan, onenen artean sailkatu zen Enekoitz Azparren astigartarra: 10garren izan zen. Datorren asteburuan izango dituzte Essor Basqueko azkeneko hiru probak: Donapaleun ostiralean, Donazaharretik Donibane Garazira larunbatean, eta Maulen igandean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!