Kalean da Txiokaria udal aldizkariaren bigarren alea, otsailarekin batera. Egun hauetan ari dira banatzen, herriko etxeetako postontzietan; eta udal eraikinetan eta Udalaren webgunean (astigarraga.eus) ere eskuragarri dago aldizkaria. Eta bertan, 12 orrialdetan zehar, herriari eta Udalaren jarduerari dagozkion zenbait gai jorratu dituzte. Horien artean, protagonismo berezia eman diote 2022ko Udal Aurrekontuari, portadatik bertatik hasita. Udalak «inoiz izan duen aurrekonturik haundiena» azaldu dute aldizkarian, gorakadaren arrazoiak azalduz eta aurrekontuaren zenbait xehetasun aditzera emanez.
Astikori ere eskaini diote tartea, Astigarragako merkatari, ostalari eta zerbitzuen elkarteari. Eta udal zerbitzuen atalean, bi nabarmendu dituzte: Erriberako liburutegia, eta Plax! sexu eta bikote aholkularitza zerbitzua. Plan Orokorraren berrikuspenari ere eman diote garrantzia, aldizkariko orrialdeetan.
Josune De Vicente liburuzain ohiari, elkarrizketa
Azkenik, elkarrizketa bat ere jaso du Txiokariaren bigarren aleak: Josune De Vicente Chiviteri egindakoa. 1988tik izan da Astigarragako liburutegiko liburuzaina, eta erretiroa hartu du aurten. Bere 34 urteko ibilbideaz, liburuez eta lanbideaz aritu da, aldizkariaren egileekin.