Gipuzkoako Batzar Nagusietan izan zen, asteazkenean, Mugi Astigarraga, autobus zerbitzu publiko duinaren aldeko herri plataforma. Agerraldia egin zuten plataformako bi kidek, Batzar Nagusietako Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Batzordean.
Bi zati izan zituen agerraldiak. Aurrena, orain arte egindako ibilbidearen berri eman zuten, «bereziki nabarmenduz 1780 sinaduraren babesa». Aditzera eman zituzten, plataformaren iritziz «Astigarragak egun duen autobus zerbitzuak dituen gabeziak», eta astigartarren «haserrea eta desadostasuna» ere adierazi zieten batzarkideei.
Horrela, adierazi zuten BU13 autobusaren (lehengo A2) maiztasuna hobetu dela, baina goizeko autobusek «errefortzuak» behar dituztela oraindik, eguneko azkeneko orduak «oso justuak» direla, eta asteburuetako zerbitzuak «murrizketa jasan» duela. BU12 autobusari (lehengo A1) dagokionez, azaleratu zuten maiztasuna «izugarri murriztu» dela, asteburuetakoa bereziki; eguneko azkeneko orduak oso justuak direla horretan ere; eta ibilbideko geltokiak kendu dituztela, «bai Astigarraga barrukoak, bai Txomin eta Erribera auzoetakoak».
Gainera, nabarmendu zuten badela asko arduratzen dituen gai bat: «zerbitzuak bi linea ditu, BU12 eta BU13, eta bi linea horiek desberdinak dira, ibilbide desberdinekin, eta erabiltzaile desberdinen beharrei erantzuten dietenak. BU12 linearen maiztasunak behera egin du nabarmen, eta ibilbideko geltokiak kendu dituzte. Hortaz, linea horrek galera nabarmena izan du, BU13 linearen mesedetan; eta gainera, bi zerbitzuen baturak ere murrizketa ekarri du».
«Autobusek askotan egiten dute kale»
Hori guztia, «ordutegi teorikoei dagokienez» aipatu zuten plataformako kideek. «Izan ere, praktikan, autobusek askotan egiten dute kale. Ez dira pasatzen, edo berandu pasatzen dira. Gainera, irailaren 13az geroztik, ordu jakin batzuetan izandako autobus bikoitzak ere kentzen ari dira pixkanaka».
Asteazkeneko agerraldiaren bigarren zatian, berriz, «esperientzia pertsonalak» eman zituzten aditzera, eta «kasu eta arazo zehatzak» kontatu zizkieten batzarkideei.
Eta agerraldia bukatzeko, lau eskaera orokor egin zituzten, «plataformaren izenean eta astigartarron 1780 sinadurek ematen diguten zilegitasuna kontutan hartuta. Honakoak izan ziren eskaerak:
-Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak egungo zerbitzua osatu eta indartu dezala (bi lineak, geltokiak, gaueko zerbitzua, ospitalerako eta unibertsitaterako zerbitzuak).
-Departamentu berari gogoraraztea Gipuzkoako mugikortasuna bere eskumena dela, eta berari dagokiola erantzukizuna.
-Departamentu horri eskatzea «konpromiso sendoa» hartu dezala Donostiako eta Astigarragako Udalekin batera aztertzeko Astigarragarentzat onenak izan daitezkeen aukerak.
-Hori guztia lehenbailehen egin dezala, «luzamendutan ibili gabe, gauzak bere kasa hobetuko direla espero izan gabe. Izan ere, nekatuta gaude, haserre, eta autobusa hartzea bezalako eguneroko ekintza xumea zama bihurtu zaigu, zama astuna, lanera edo eskolara joateko».