'Ihesean' hasi du denboraldi berria ere, Xabier Mikel Azparrenek

Kronika - Erredakzioa 2022ko ots. 1a, 00:00

Xabier Mikel Azparren, irripartsu, Isasa taldekidearekin. Argazkia: Iraia Calvo

Bere aurreneko hiru lasterketetatik bitan izan da eguneko ihesaldian, Valentzian eta Mallorcan.

Hasi du bere bigarren denboraldia profesionaletan, Xabier Mikel Azparren txirrindulari astigartarrak. Eta debuteko urtea bezala, ihesean hasi du bigarrena ere: egin dituen hiru lasterketetatik, bitan izan da eguneko ihesaldian.

Valentzian hasi zuen denboraldia astigartarrak, urtarrilaren 23an, Clàssica Comunitat Valenciana lasterketan. 175 kilometroko ibilbidea zuten aurretik, eta ia irteeratik bertatik egin zuen ihes Azparrenek, beste zazpi txirrindularirekin batera. Elkarrekin osatu zuten lasterketako zatirik haundiena, tropelak harrapatu zituen arte, garaipena sprintean jokatzeko. Azkenean 74garren helmugaratu zen Azparren, 2:04ra.

Eta asteburu honetan, beste bi proba lehiatu ditu Mallorcan. Larunbatean, Port de Andratx lasterketa gogorrean, taldekideei laguntzea tokatu zitzaion, bereziki Xabier Isasa debutariari: mendiko saria irabazia zuen urretxuarrak, eta helmugara iritsi behar zuen saria jasotzeko. Horretan lagundu zion astigartarrak, eta berarekin iritsi zen helmugara, 123garren. Eta igandean, protagonista izan zen berriro, Palma Sarian. Ibilbide lauagoa zuten, 169 kilometrokoa, eta eguneko ihesaldian sartu zen astigartarra, beste hiru txirrindularirekin batera. Sei minututik gorako aldea ere izan zuten, baina helmugatik 37 kilometrora harrapatu zituen tropelak. 131garren izan zen helmugan.

 
Valentziako Itzulian, bihartik

Mallorcatik Valentziara bueltatu da astigartarra, eta bihar bertan hasiko du hurrengo lasterketa: Valentziako Itzulian hartuko du parte, bihar hasi eta igandera arte. Bost etapa izango dituzte; aurreneko hirurak ibilbide gorabeheratsuarekin, eta azkeneko biak lauagoak. 166 kilometrokoa dute biharkoa, Torralba del Pinar mendatean bukatuta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!