Mundarroko neskak, Preferente mailan, igoera fasean ari dira jokatzen eta, orain arte, hiru partidutik hiru irabazi dituzte. Horri esker, sailkapen nagusian bigarren postuan daude sailkatuak, Realaren atzetik. Bolada onari eutsi nahi diote aste honetan, Elgoibarren. Bihar, 15:30etan, Mintxetan dute hitzordua eta partidua garrantzitsua izango da elgoibartarrak laugarren sailkatuak direlako. Hala ere, oraindik jardunaldi asko geratzen dira, baina, Eneritz Alejos Dukek, Lide Ariztizabalek eta Eneritz Iturria Aramberrik taldekideek aipatzen duten bezalaxe, Mundarroko jokalaiak ilusioz gainezka daude.
«Oraindik 17 partidu geratzen dira igoera fasea amaitzeko. Hiru partidu jokatu ditugu eta hirurak irabazi, baina hasi besterik ez gara egin. Dena den, esperantza eta ilusio haundia dugu. Ez da itxaropena galdu behar, eta ongi goaz», aipatzen dute Eneriz Alejosek eta Lide Aristizabalek.
Lehendabiziko bi taldeek Ohorezko Erregional mailara lortuko dute igoera eta hirugarrenak, berriz, playoffa jokatzen du. Eneritz Alejosek sailkapenaren nondik norakoak ederki ezagutzen ditu. «Lehenengo Reala doa gure puntu berdinekin eta, hirugarren, Antiguoko eta Elgoibar daude sailkatuak zazpi punturekin. Lehenengo fasean aritu ginen talde berdinen aurka eta aukerak ikusten ditugu igotzeko. Ongi hasi dugu azken fasea».
«Reala da aurkari gogorrena; maila altua du taldeak»
Gainera, igoera faserako taldea indartu egin da eta horrek aukera igotzen duela aipatu du Lide Ariztizabalek. «Oreretako hiru neska etorri dira eta nabaritzen dugu taldea sendotu dela». Eneritz Alejosek dioenez, «maila honetan ez gara inoiz aritu. Orain bi urte Kopako edo bigarren mailako finalera iritsi ginen, baina, aurten, helburua potoloagoa da. Gorengoen mailako talde onenekin ari gara lehiatzen bigarren fase honetan».
Aurkaririk gogorrena Reala dela argi dute Iturriak, Ariztizabalek eta Alejosek. «Maila haundia du, ikusiko da. Hemendik hiru asteburura jokatzen dugu beraien kontra. Datozen hiru partiduak esango digute zein izan daitekeen gure helburua. Elgoibar, Hernani eta Reala, hurrenez hurren, dira aurkariak eta hirurak talde sendoak dira, igotzeko borrokan daudenak».
Momentuz, oso gustura daude, eta nahiz eta pandemia bete-betean egon, horrek taldea indartu du ahuldu beharrean. «Pasa den urtean, Hernanin jokatu nuen, baina aurtengo denboraldian Mundarrora bueltatu naiz berriro ere», azpimarratzen du Lide Ariztizabalek. Eneritz Alejosek dioenez, «konfinamenduan, etxean egiten genituen ariketa fisikoak, eta maila fisikoa ez genuen galdu. Hasieran, kosta zitzaigun martxa hartzea, baina taldeak ilusioa mantendu du».
Hiru astigartarrek aipatzen dute taldekide denak ilusio eta gogo haundiagorekin itzuli zirela, eta horrek lagundu duela taldea indartzen. «Denak jarraitu nahi izan dute taldean», Alejosen ustez. Hala ere, bajak izan omen dituztela gogoratu du Ariztizabalek. «Lesioak izan dira horren erantzule. Belauneko lesioak jasan zituzten bi jokalarik denboraldi hasieran, eta justu ibili ginen jokalari kopuruari dagokionez».
«Azken urteetako taldea mantentzen dugu eta zelaian nabaritzen da»
Azken urteetako taldea mantentzen du Mundarrok, eta horrek ere laguntzen duela diote taldearen ibilbidean. «Gutxi gora-behera, bai», dio Eneritz Iturriak. «Hobeto ezagutzen gara eta zelaian nabaritzen da». Igoerak zer ekarriko lukeen ez dute pentsatu nahi. «Lehendabiziko helburua urtero taldea osatzea izaten da, eta ez dugu horretan pentsatzen. Gainera, hori, oraindik, urruti dago. Gazteak gara, ikasten gabiltza eta datorren urtean taldekide batzuk unibertsitate ikasketak hasiko dituzte. Horrek eragina izaten du, baina oraingoz urruti gelditzen da».
Mundarrok bederatzi talde ditu infantil mailara arte eta horietatik bakarra da neskena. Atzetik beste talderen bat izatea gustatuko litzaiekela aipatu du hirukoteak. «Etorkizuna ziurtatuago egongo litzateke. Oraingoz, gure taldea da bakarra. Neska kadete bat badago, baina gure taldean ari da jokatzen».
«Ander Mateos eta Miguel González entrenatzaileak gurekin egin dute ibilbide osoa eta oso gustura gaude»
Mundarroko nesken taldearen ezaugarri nagusietako bat da beraien artean duten adiskidetasuna. Asko eta asko elkarrekin aspalditik ari dira jokatzen, eta hori zelaian nabaritzen dela azpimarratu dute. «Talde gaztea dugu, Oreretatik iritsi diren hirurak 20-24 urte artean dituzte eta beste guztiek 16, 17, 18 urte ditugu. Oraindik, jubenil mailakoak gara».
Aurreneko aldiz, nesken taldea 2016-2017 denboraldian osatu zuten. «Orduan, infantil mailako taldea ginen eta elkarrekin joan gara hazten infantiletatik nagusien taldea osatu arte». Lehendabiziko urte haietan Mundarroko infantil taldean zeuden Eneritz Iturria, Eneritz Alejos eta Lide Ariztizabal. Aurtengoa seigarren denboraldia du Mundarrok nesken taldearekin, eta ibilbide horretan guztian entrenatzaile lanetan aritu dira Ander Mateos eta Miguel González. «Oso gustura gaude eta oso ongi ezagutzen gaituzte».
«Oreretako hiru neska gurekin jokatzera etorri dira igoera faserako, eta horrek taldea indartu du»
Entrenatzaileek taldearen indarguneak azalerazten saiatzen dira, eta hiru jokalarien ustez, beraien indar nagusia taldearen kohesio horretan dago, Lide Ariztizabalek azpimarratzen duen bezala. «Laguntasun haundia dago. Futbola alde batera utzita, kalean ere lagunak gara, eta hori zelaian igartzen da. Konfidantza puntu hori daukagu gauzak gure artean hitz egiteko eta konpontzeko». Eneritz Alejosek dioenez, «talde sen haundia dugu; talde osoa gara».
Astean bi egun entrenatzen dituzte. «Asteazkenetan eta ostiraletan egiten ditugu entrenamendu saioak. Asteazkenetan, 19:00etatik 20:30etara eta ostiraletan, 16:00etatik 17:30etara». Mutilen taldeekin lehiarik ez dute, ongi konpontzen omen dira. Nolanahi ere, mutilen entrenatzaileekin izaten omen dituzte «pike» gehienak.
«18 jokalaritik 12 astigartarrak gara, denak lagunak, eta hori da gure indargune nagusia»
Astigarragako nesken taldea emaitza onak lortzen ari dela ikusita, herriko neskak futbolera jokatzera animatzen dituzte. «Saiatzen gara, baina zaila da. Beste taldeetan dauden neska astigartarrak animatzen ditugu hona etortzera. Bost neska edo daude beste zenbait taldetan. Gure taldean 18 jokalari gara eta horietatik 12, astigartarrak. Beste sei, berriz, inguruko herrietakoak. Oreretako hiru taldekideak orain hasi dira gurekin. Orereta Kafea taldetik etorri dira, zortzi neska zeuden entrenatzen, baina taldea ateratzeko jenderik ez zegoenez, gurera etorri dira».