Frankismoaren biktimen testigantzak jasotzeko, bulegoa jarriko dute otsailaren 1etik aurrera

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 27a, 00:00
Kultur etxe zaharrean egongo da biktimen testigantzak jasotzeko bulegoa.

Kultur etxe zaharrean egongo da, bi hilabetez, eta astelehen, asteazken eta ostiraletan irekiko dute, goizeko 10:00etatik 13:00etara.

Frankismoaren biktimek jasotako indarkeria salatzeko, biktima edota testigu izan diren pertsonen testigantzak jaso eta kereilak bideratzeko zerbitzua eskainiko du Astigarragako Udalak, Berdintasun, Elkarbizitza eta Par­taidetza sailaren bitartez. Eta horretarako, bulegoa zabal­du­ko dute kultur etxe zaharre­an, otsailaren 1etik aprilaren 8ra.

2021eko apiriletik dator kontua. Mozioa aurkeztu zuen Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformak, frankismoaren biktimekiko jus­tizia eskatzeko; eta aho batez onartu zuen Astigarragako Udaleko Plenoak, aho batez. «Etorkizuna lantzeko, ezinbesteko tresna dira iraganaren errekonozimendua eta erreparazioa, memoria historikoari dagokionean», nabarmendu du Udalak.

Bi hilabetez egongo da bule­goa zabalik, eta astean hiru egunez eskainiko dute arreta bertan: astelehen, asteazken eta ostiraletan, goizeko 10:00etatik 13:00etara. Ahal izanez gero, es­kertuko dute aldez aurretik hitzordua eskatzea: 943 50 57 01 telefonoan, edo berdintasuna@astigarraga.eus helbidean. Ordutegi horretatik kanpo hitzordurik nahi izanez gero ere, eskatu daiteke bi bide horietatik.

Horrelakorik jasan, ikusi edo bizi izan duten herritar guztiak gerturatu daitezke bulegora, eta edozein motatakoak izan daitezke testigantzak: fusi­lamendu­ak, desa­gertzeak, isu­nak, konfiska­zioak, kartzelaratze­ak, langile ba­tailoiak, erbesteratzeak, umili­azio publikoak, kargugabetze­ak, lanpostu bazterketak, irainak, salaketa faltsuak...

Hitzordura eraman beharreko dokumentazioa honakoa da: testigantza ematen duen pertsonaren identifikazio dokumentua, biktimarena, eta gertakarien inguruan dagoen informazio guztia (ahal izanez gero, akreditatzeko dokumentu eta argazkiekin).

 

Salaketak, Espainiako eta Argentinako justiziara

Behin testigantzak jasota, salaketak espainiar zein argentinar justiziara bideratuko ditu Asti­garragako Udalak. «Gogora deza­gun, Argen­tinan badagoela Gizateriaren Kri­­menen Aurkako kereila kolektiboa irekita, Servini epailea aztertzen ari dena», azaldu du. Kereila horren helburu nagusiak dira ikertzea diktadura frankistak eragindako gizateriaren aurkako krimen guztiak, zehaztea zein baldintzatan egin ziren, jakitea nortzuk izan ziren erantzule zuzenak eta zeharkakoak, eta kasu horretan, beraien egozte, auzipetze, epaiketa eta zigorra jartzeko erabakia hartzea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!