Jolas eremuak eraberritzeko prozesuaren ondorioak, gaur

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 26a, 00:00
Herriko jolas eremuak eraberritzea da prozesuaren helburua.

Arratsaldeko 17:00etan izango da, Herri Eskolako aretoan; eta partehartze prozesuak eman duena azalduko dute bertan.

Jolastuko al gara? egitasmoa jarri dute martxan Astigarragan, herriko jolas eremuak eraberritzeko asmoz. Prozesu partehartzailea burutu dute orain arte, eta gaurko jarri dute hurrengo hitzordua: prozesuan egindakoa azaldu eta ondorioen berri eman­go dute, Herri Eskolako aretoan, arratsaldeko 17:00etan hasita.

Egitasmoarekin, Udalak ezagutu nahi izan du «zein behar eta nahi dauzkaten herriko haur, nerabe eta gazteek, herriko jolas eremuak eraberritzeko garaian».

Astigarragako biztanleria as­ko hazi den heinean, haundia da egungo haur eta gazte kopurua ere, herrian. Baina Udalak berak aitortu duenez, «haur eta gazteei zuzendutako jolasgune eta elkarguneei dagokienean, ezer gutxi egin da azken urteetan». 14 eremu zenbatu dituzte, «guztiak patroi berdintsukoak», konfigurazio, elementu eta ematen diren erlazio eta jolas motei dagokienez. «Argi daukagu 14 jolasgune horietako zenbait eraberritzeko beharra haundia dela, eta eraberritze bide horretan geldialdi bat egin eta haur eta gazteei hitza eman behar zaiela, beraien iritziak jaso eta zein jolasgune mota nahi dituzten hausnartzeko», azaldu dute.

Horregatik jarri zuten martxan prozesua, joan den urtean; eta hainbat fase izan ditu: aurrelanketa, diagnostikoa, proposamena, eta gaurko «deboluzio saioa». Bitarte horretan, Gaztelekuko gaztetxoek eta eskolako haurrek hartu dute hitza, «euren ametsetako parke eta espazioak diseinatzeko». Horietatik abiatuta, sei parkeren diseinua landu zuten, eta proposamenak aurkeztuko dituzte gaur. k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!