Kotxe batek istripua, Arantzazuko Amako hesiaren kontra

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 25a, 00:00
Arantzazuko Ama ikastetxearen hesia hautsi zuen kotxeak. Argazkia: DonostiTik

Errepidetik atera eta ikastetxea inguratzen duen hesia jo zuen kotxe batek, atzo eguerdian. Ez zuen inor zauritu.

Istripua izan zen atzo eguerdian, Martuteneko Arantzazuko Ama ikastetxean: kotxe bat errepidetik atera zen, eta ikastetxea inguratzen duen hesia jo zuen. Bertan ari dira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ikasten, gaztetxo astigartar asko.

Eguerdiko 13:00ak aldera izan zen istripua, eta une horretan es­kolako ikasle, irakasle eta lan­­­gileak eraikinaren barruan zeudenez, ez zuen inor zauritu. Kotxean zijoazen bi emakumeak, berriz, Donostiako Ospitalera era­man zituzten, baina ez zuten ko­nortea galdu eta, diru­dienez, ez zuten zauri larririk; kolpeak zeuzkaten, nagusiki.

Arantzazuko Ama ikastetxeko hesiak bi zati dauzka: beheko aldea harrizkoa da, metro erdi inguruko altuera daukana; eta gaineko aldea sare metalikoa da. Biak ala biak hautsi zituen kotxeak, eta ikastetxearen jolastokira sartu zen ia osorik. Burnizko hesiak harrapatuta geratu zen, erdibidean. Berehala bertaratu ziren Ertzaintza, anbulantzia eta suhiltzaileak; eta kopilotoari kotxetik ateratzen lagundu behar izan zioten suhiltzaileek, harrapatuta geratu zelako.

Donostiatik Astigarragarako noranzkoan gertatu zen istri­pua, bihurgune batetik atera berritan. Edonola ere, Ertzaintzak ez du informazio gehiago eman, istripua eragin zuen kausaren inguruan; eta gertatutakoa aztertzen ari da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!