'Jolastuko al gara?' egitasmoaren informazio saioa egingo da asteazkenean

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 23a, 00:00
Astigarragako 14 parkeek patroi berdina jarraitzen dute.

Astigarragako jolas eremuak eraberritzeko prozesu partehartzailean egin dena azalduko da eskolako aretoan 17:00etan.

Urtarrilaren 26an, 17:00etan eskolako aretoan Jolastuko al gara? egitasmoaren informazio-saioa egingo da, herritarrei azaltzeko prozesu partehartzailean egin dena, eta atera diren ondorioak. Aipaturiko egitasmoaren helburua izan da Udalak ezagutzea ea herriko jolas eremuak eraberritzerako garaian, herriko haur, nerabe eta gazteek zein behar eta nahi dituzten.

 

14 jolas eremu daude, denak patroi berekoak

Astigarragako biztanleriaren hazkundearen ondorioz, gaur egungo haur eta gazte kopurua haundia da herrian. Hala ere, haur eta gazteei zuzendutako jolasgune eta elkartzeko guneei dagokionean, ezer gutxi egin da azken urteetan. 14 eremu inguru zenbatu dira, guztiak patroi berdintsukoak, bai konfigurazio, bai elementu, bai ematen diren erlazio eta jolas motei dagokionean.

Udalak argi du «14 horietako zenbait jolasguneren eraberritzeko beharra haundia dela, eta eraberritze bide horretan geldialdi bat egin eta haur eta gazteei hitza eman behar zaiela, beraien iritziak jaso eta zein jolasgune mota nahi dituzten hausnartzeko».

Prozesua iaz hasi zen eta fase desberdinak izan ditu: aurrelanketa, diagnostikoa, proposamena, eta orain deboluzioa. Bidean, gaztelekuko gaztetxoek (12-16 urte) eta eskolako umeek (6-12 urte) hitza hartu zuten, eta euren ametsetako parke eta espazioak diseinatzeko aukera izan zuten. Lanketa horren ostean, diseinu eta desira horietatik abiatuta, talde teknikoak erabakitako sei parkeen diseinu lanak landu ziren. Eta behin eraberritze proposamenak landuta daudenean, Astigarragako herriari prozesuaren deboluzioa egingo zaio. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!