Sagardoetxearen etorkizuna erabakitzeko galdeketa egingo da

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 19a, 00:00
Xabier Urdangarin alkatea eta Aintzane Barandiaran zinegotzia Sagardoetxean.

'Ados al zaude Sagardoetxearen etorkizunerako proposamenarekin?' Hau izango da herritarrek otsailaren 6an egingo den herri galdeketan erantzun beharko duten galdera, Astigarragan.

Otsailaren 6an, igandea, Sagardoetxearen etorkizuna erabakitzeko herri galdeketa egingo da Astigarragan. Hori adierazi zuten atzo Xabier Urdangarin alkateak eta Aintzane Barandiaran zinegotziak, Sagardoetxean bertan egin zen prentsaurrekoan.


Ados al zaude Sagardoetxearen etorkizunerako proposamenarekin?. Hau izango da Astigarragako herritarrek otsailaren 6an egingo den herri galdeketan erantzun beharko duten galdera.


Sagardoetxearen etorkizunerako proposamena, hausnarketa talde batek Sagardoetxearen ibilbidea eta gaur egungo egoera kontuan hartuta landutako proposamen arrazoitua da. 


Sagardoetxea txiki geratu da. Gaur egun egiten diren jarduera eta ekimenak aurrera eramateko eta sagar kulturaren inguruan bildutako dokumentu eta pieza etnografikoak bildu eta herritarren eskura jartzeko leku nahikorik ez dago. Halaber, sagar eta sagar kulturaren alorrean gaur egungo lan ildoak sendotu eta berriak zabaldu nahi dira, beti ere lankidetza oinarri.


Sagardoetxearen etorkizunerako proposamen honen aurrean Astigarragako herritarrek adostasuna edo desadostasuna adierazi ahalko dute eta horretarako, baiezko eta ezezko boto-paperak izango dira eskuragarri. 


Hausnarketan proiektuaren etorkizunerako hainbat proposamen luzatu dira
Proposamenak gako batzuk bete beharko ditu aurrera egin ahal izateko: Astigarraga sagardogintzaren eta sagarraren kulturaren erdigunean jarriko du eta herri- eta eskualde-izaera eta -proiekzioa gaindituko ditu; ekonomia, merkataritza eta turismoa sustatuko ditu, eta askotariko bisitariak erakarriko ditu; landuko da sagardogile eta sagarraren sektorearekin, beste administrazio publikoekin, herritarrekin eta eragileekin; Kontxa Etxeberria lorategiaren eta sagastiaren artean kokatuko da. Egoitza hori lurpean egingo da eta, beraz, lorategiak herritarrentzako berdegune eta aisialdirako eremu izaten jarraituko du. Sagardoetxe berriak ez du Kultur Etxe Zaharraren eraikina erabiliko; Eta finantzaketan Udalak eta beste administrazioek parte hartuko dute. Sagardoetxe berriaren proiektuak ez ditu inola ere baldintzatuko eta ezerezean utziko bestelako udal inbertsio eta zerbitzuak.

16 urtetik gorakoek Erriberan ia egun osoan zehar
Herri-galdeketan Astigarragan erroldatutako eta 16 urtetik gorako herritar orok har dezake parte. Herri-galdeketa otsailaren 6an, igandea, izango da. Goizeko 09:00etatik arratsaldeko 20:00etara eman ahalko da bozka Erribera Kulturgunean kokatuta egongo diren  galdeketa-mahaietan.

Gaur hasiko da aurretiazko bozka otsailaren 1era arte
Aurrez bozkatzeko aukera ere izango da, Udaletxeko Idazkaritzan, urtarrilaren 19tik otsailaren 1era bitartean, hurrengo ordutegian: egunero 9:00etatik 13:30etara eta astearte eta ostegunetan arratsaldez ere bai, 16:00etatik 19:00etara.

Informazioa zabalduko da plataforma ezberdinen bidez
Hurrengo egunetan Astigarragako Udalak, Elhuyar eta TaPunturekin  elkarlanean, herri galdeketari buruzko informazioa zabalduko du. Etxez etxe informazio orriak banatzeaz gain, herrian zehar hainbat informazio panel eta euskarri jarriko dira. Era berean, herri galdeketaren zehaztasunak azaldu eta Sagardoetxearen etorkizunerako proposamena partekatzeko informazio saioak egingo dira hurrengo bi asteotan.

Doako bisita gidatuak 
herritarrentzat urtarrilaren 27an eta 29an
Azkenik, Sagardoetxearen behar eta nahiak bertatik bertara ezagutzeko bisita gidatuak egingo dira urtarrilaren 27an, osteguna, 18:00etan eta urtarrilaren 29an, larunbata, 12:00etan. Bisita-gidatuetan Sagarduneko kideek Sagardoetxearen 15 urteetako bilakaera zein izan den azalduko dute, gaur egunean egiten diren jardueren berri ematearekin batera. Bisita gidatuak doakoak dira. 
Informazio gehiago https://www.astigarraga.eus/eu/sagardoetxea-galdeketa-otsailak-6 webgunean lortu daiteke.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!