Malabareak barre-algaren artean gaur arratsaldean, Erribera kulturguneko zirkuan

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 16a, 00:00

'Piti Peta hofen show' zirkuak Astigarragan egingo du geldialdia gaurkoan. Kulturgunean eskainiko du emanaldia, 17:00etan, eta sarrerak eskuragai daude leihatilan edo online. 

Urtea ekintza ugarirekin hasi dute astigartarrek. Hain justu, kultura arduradunek makina bat jarduera aurkeztu dituzte hilabete honetako egitarauaren barruan. Eta, erritmo horri jarraituz, gaurkoan, zirkua izango da Erriberan. Piti Peta hofen show emanaldia eskainiko dute hiru artistak, arratsaldeko 17:00etan hasita.

Ikuskizun berezia izango da; izan ere, hainbat herrialdetako malabaristak igoko dira oholtza gainera. Denera, hiru dira gaurko protagonistak: Andres Torres, Coriakoa (Extremadura); Hannes Bahoffer, Friburgokoa (Alemania); eta Lucas Castelo Branco, Salvador de Bahíakoa (Brasil).

Hiruren artean, umorea, artea eta malabarismoaren diziplina uztartuko dituzte ikuskizun bikaina eskaintzeko asmotan. Gainera, malabaristek azaldu dutenez, «unibertso absurdu batean gertatzen diren egoera umoretsuak» kontatuko dituzte. Ho­rrela, beraz, ikuslegoa aho zaba­lik uzteaz gain, barre-algarak ere ziurtatuta egongo dira.

Haurrentzat, gazteentzat zein helduentzat zuzendutako emanaldia da gaur eskainiko dutena. Umoretsu adierazi dutenez, ez dute «inor» kanpoan uzten:  «txikienetik hasi eta zaharreneraino dira ongi etorriak gure zirkura; noski, ez dago adin tarte edo kolore bereizketarik, eta edonor etor daiteke, txakurrak eta tximuak barne!». Horregatik, bertaratzeko deia luzatu diete herritar guztiei.


Sarrerak salgai daude Erriberako leihatilan eta online
Zirkura bertaratzeko interesa dutenek, salgai dituzte ikuskizunerako sarrerak. Eskuragai egongo dira Erriberako leihatilan emanaldia hasi baino ordubete lehenago edo, bestela, online ere erosteko aukera dago www.astigarraga.eus webgunean: haurrentzat 3 euroan eta helduentzat, berriz, 6 euroan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!