Hiru herrialde, hiru malabarista eta hiru objektu

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 15a, 00:00
Hauek dira malabaristak: Hannes Bahofffer, Lucas Castelo Branco eta Andres Torres.

Bihar arratsaldeko 17:00etan, malabareek irabaziko dute protagonismoa astigartarren artean. Izan ere, 'Piti Peta Hofen Show' zirkuak Erribera bisitatuko du eta «gogoz» daude.

Bihar, hiru herrialde ezberdinetatik etorritako hiru malabaristek, sekulako ikuskizuna eskainiko dute Astigarragan: Piti Peta Hofen Show deiturikoa hain zuzen ere. Taldekideak dira Andres Torres, Coriakoa (Extremadura); Hannes Bahoffer, Friburgekoa (Alemania); eta Lucas Castelo Branco, Salvador de Baiakoa (Brasil). Hiru malabaristek, urteetan zehar ikasitako teknikak jarri nahi dituzte astigartarren aurrean, komikotasunetik kontatuta: «unibertso absurdu batean gertatzen diren egoera umoretsuak kontatuko ditugu». Esperientziaz betetako zirkua izango da biharkoa, «txikitatik» hasi baitziren malabareen munduan zoratzen herrialde ezberdinetako hiru malabaristak. Bost urte zituela hasi zen Hannes malabareekin esperimentatzen,  Lucasek 10 urte zituela probatu zuen lehenengoz zirkuaren mundua eta Andresek 12 urterekin: «orduz geroztik, malabareekin jarraitu dugu, bizitzeko gure estiloa baita». 


Ikuskizunean, pertsonaia bakoitzak objektu bana izango du eta eskuekin objektu hauekin jolastuz magia egiten dutela ziurtatuko diete astigartarrei. 


Zirkuko protagonisten bizilekua kilometrotara badago ere, azaldu dute irribartsu, beti gustatu izan zaiela Euskal Herrian emanaldiak eskaintzea: «gure asmoa beti izan da ondo pasatzea, guk eta noski, publikoak. Euskal Herrira etorri garenetan, publikoa beti izan da oso alaia, eta mugitua. Horrek, egia da, Euskal Herriataz asko erakartzen gaituela, guk daukagun erokeria puntu hori, oso ondo ulertzen dutelako nolabait». 


Txiki, gazte, guraso zein aiton-amonek ikusteko emanaldia da Piti Peta Hofen Show: «ez dugu inor uzten kanpoan, txikienetik hasi eta zaharreneraino dira ongi etorriak gure zirkura, ez dago adin tarte edo kolore  bereizketarik, edonor etorri daiteke, txakurrak eta tximuak barne!». 


Orain arte, Euskal Herrian, zazpi bat emanaldi eskaini dituzte  malabaristek, «parte hartu dugu gehienbat umorezko jaialdietan». Eta umorearekin batera, garrantzi haundia eman diote publikoaren irribarreari, izan ere, Piti Peta Show Hoffen zirkuarekin zoriontasuna transmititu nahi dute: «gure nahia da publikoak zirkua ikusten duen bitartean gozatzea, eta nola ez, zoriontsu ateratzea aretotik, irribarrea ahoan dutela». 


Biharko zirkua amaitzean, errepidea hartu eta Montastrucera doaz (Frantzia) Andres Torres, Hannes Bahoffer eta Lucas Castelo malabaristak, eta aitortu dute eskaeren arabera mugitzen direla: «deitzen badigute toki batetik emanaldi bat eskaintzeko, hara goaz, antolatzen saiatzen gara, eta oraingoz honela moldatzen gara, egunekoa bizitzen dugu». 


Beraz, gogoratu, bihar arratsaldeko 17:00etan emango zaiola hasiera zirkuari. Komikotasuna eta umorea uztartuz, seguru lortuko dutela astigartarrak emanaldiaz gozatzea, eta zoriontsu ateratzea emanalditik, irribarrea ahoan dutela. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!