Urtarrilaren 12an, AMAK taldeak irekiko du urteko lehen kupela Gurutzetan

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 6a, 00:00

Alaitz Telletxea, Maixa Lizarribar, Amaia Oreja eta Kris Solanok osatzen dute AMAK taldea. Argazkia: Izar Sukuntza

Sagardoaren Lurraldeak antolatuta, datorren asteazkenean, XXIX. Sagardo Berriaren Eguna ospatuko da Astigarragako Gurutzeta sagardotegian.

AMAK taldeak irekiko du aurtengo txotx denboraldia, eta urtarrilaren 12an izango da hain justu, Astigarragako Gurutzeko sagardotegian. Beraz, «gure sagardo berria» esanez irekiko dute urteko lehen kupela AMAK taldeko kide diren Alaitz Telletxeak, Maixa Lizarribarrek, Amaia Orejak eta Kris Solanok. 

Aurten irekiko den aurreneko kupela Astigarragako Gurutzeta Sagardotegikoa izango da, eta etxekoak pozez agertu dira: «norberaren sagardotegian txotx irekiera bat egitea beti izan da ohorea. Eta, aurten, ohoreaz gain, ardura haundi bat ere bada daukagun egoera kontutan hartuta. Baina egia da, nahiz eta egoera momentu honetan ez izan ederrena, guk ilusioz ekingo diogula txotx denboraldi berriari, behar diren neurriak hartuz. Izan ere, ahalegin guztiarekin ari gara lanean aurten txotx denboraldia ahalik eta ondoen ospatu dadin».

Lekukoa, eskuz-eskuz

Pasa den urtean, txotx irekiera ohiko moduan ospatu ez bazen ere, Ander Gonzalezek ireki zuen 2021eko urteko lehen kupela, eta, aurten, lekukoa hartu du AMAK taldeak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!