Bi berritasunekin hasi du urte berria, Zipotza Mendi Taldeak. Batetik, jakinarazi du Gipuzkoako Mendizale Federazioan inskribatuko dutela taldea, eta beraz, aurrerantzean herritarrek aukera izango dutela mendian federatzeko, Zipotza Mendi Taldearen bitartez. Aurrerago emango dute horri buruzko informazio gehiago, baina zalantzaren bat argitu nahi duenak, idatzi dezake Instagram bitartez (@zipotzake), edo zipotzamenditaldea@gmail.com helbide elektronikora. Taldeko kideren bati aurrez aurre galdetuta ere, argituko dituzte zalantzak.
Eta bestetik, 2022 urte osorako mendi irteeren egutegia osatu du Zipotzak, dagoeneko; eta aditzera eman ditu, egingo dituzten 11 irteerak, hilero bana, abuztuan izan ezik. Aurrenekoa urtarrilaren 23an izango da, eta Ganbo mendira igoko dira, Larraitzetik abiatuta.
Ekaineko irteera izango da berezia, asteburu osokoa egingo baitute: hilaren 18an eta 19an, Pirineoetara joango dira, Ozako oihanera. Gainerakoak egun bakarrekoak izango dira.
2022ko MENDI IRTEERAK
Urtarrilak 23, Ganbo (Larraitzetik)
Otsailak 20, Uzturre
Martxoak 20, Larrun (Saratik)
Apirilak 24, Gorbea (Pagomakurretik)
Maiatzak 22, Urbia-Aizkorri (Arantzazutik)
Ekainak 18-19, Ozako oihana
Uztailak 17, Hiru Erregeen Mahaia (Linzatik)
Irailak 18, Ernio
Urriak 23, Mendaur
Azaroak 20, Toloño (eta bodegara)
Abenduak 17, Izarraitz