«Indarrez eta erritmoz betetako emanaldia» gaur Erriberan, Ispirit gospel-soul taldearen eskutik

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 30a, 00:00

Lide Hernando, Noa Egiguren eta Lidia Insausti, Ispirit taldeko hiru abeslariak.

Iluntzeko 20:00etan hasita, kontzertua eskainiko dute Lidia Insausti, Noa Egiguren eta Lide Hernando abeslariek, lau musikarirekin. Sarrerak salgai daude 'astigarraga.eus' webgunean eta Erriberan bertan.

Ahots eta doinu bereziekin agurtuko du urtea, Erribera kulturguneak. Izan ere, Ispirit taldeak kontzertua eskainiko du bertan, gaur iluntzeko 20:00etatik aurrera. Gospel-soul taldea da Ispirit, eta «indarrez eta erritmoz betetako emanaldia» eskainiko du, Lidia Insausti, Noa Egiguren eta Lide Hernando abeslarien eskutik, lau musikarirekin batera. A sweet inspiration ikuskizuna eskainiko dute, gospelaren emakume ahots ezagunetako ba­tzuk ekarriz, eta baita souleko zenbait abesti espiritual ere.

Emanaldirako sarrerak salgai daude, astigarraga.eus webgunean, edota Erriberan bertan: helduenak 4 euroan, eta adin txikikoenak 2 euroan.

Sarrerak agortuta, 'GO!azen 8.0' bi saioetarako

Eta urte hau bukatu bezala, musikarekin hasiko da datorrena ere, Erriberan. Bi kontzertu eskainiko dituzte GO!azen 8.0 telesaileko protagonistek, urtarrilaren 2an: arratsaldeko 17:00etan aurrenekoa, eta 19:00etan bigarrena. Bertan, elkarrekin arituko dira GO!azeneko pertsonaia ezagunak eta berriak, telesailaren denboraldi ezberdinetako kantak eskaintzeko.

Bi emanaldietarako sarrerak abenduaren 20an eta 27an jarri zituzten salgai, eta dagoeneko agortuta daude.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!