Pasa den asteazkenean, Astigarragako Udaleko Osoko Bilkuran, Donostia ibilbidea hiritartzeko proiektua onartu zen aho batez. Proiektuaren helburua da hezegunetik Kale Nagusiaren amaierako biribilgunera, Txingurriko biribilgunera, doan zatia hiritartzea eta egoki antolatzea oinezkoen espaloiak, bidegorria, errepideak eta aparkalekuak.
Proiektuaren aurrekontua 1.473.507,06 eurokoa da guztira, gastu orokorrak, irabazi industriala eta BEZa sartuta.
2012an sarrerako biribilgunetik hezeguneko biribilgunera egin zen hiritartze-obraren antzekoa da. 2012an Foru Aldundiarekin hitzarmena egin zuen Udalak hiritartze lan horietan bidegorria egiteko (bidegorria Foru Adundiaren eskumena da) eta oraingoan ere Foru Aldundiarekin hitzarmena egitea adostu dute. Hitzarmen horren ondorioz, Foru Aldundiak finantzatuko du hiritartze lan horietan bidegorriari dagokion zatia, eta 297.435,91 euroko ekarpena egingo dio Udalari.
Komun publiko eta Santio Zeharrako bihurguneen obrak laster hasiko dira
Plenoan hiru kontratu ere esleitu ziren: alde batetik, Santio Zeharrako 1 eta 3. kurbak hobetzeko obra Sasoi Eraikuntzak SL enpresari esleitu zaio, 129.263,50 euroko prezioan. Bestetik, Portutxon komun publikoak eta bizikletak garbitzeko gunea instalatzeko eta atsedenleku bat egiteko obra esleitu zaio Acuña SA enpresari 87.110,49 euroko prezioan. Eta, azkenik, Foru plazan komun publikoak instalatzeko obra esleitu zaio Olprim Ingeniería y Servicios SA enpresari 77.835,58 euroko prezioan. Hiru obra horiek laster hasiko dira.
Garapenerako lankidetza programako dirulaguntzak lau egitasmoetarako
Plenoan dirulaguntza hauek ematea onartu du, garapenerako lankidetza programaren barruan:
Salvamento Maritimo, Aita Mari Maydayterraneo egitasmoa: dirulaguntza 3.054,10 euro.
Egoaizia elkartea, natur hondamendiek erasandako haur eta nerabeentzako laguntza humanitarioa: dirulaguntza 3.054,10 euro.
RASD elkartea, Saharako errefuxiatuei janaria emateko proiektua: dirulaguntza 3.054,10 euro.
AMAP elkartea, Beiruteko leherketaren 200 biktimei laguntza humanitarioa, materiala eta laguntza psikologikoa emateko proiektua: dirulaguntza 3.054,10 euro
AHTrik Ez, Eguzki eta Ekologista martxan taldeen mozioa onartu da
Plenoan ere mozio bat onartu zuen Udalak, hain zuzen ere AHTrik EZ, Eguzki eta Ekologista martxan taldeek aurkeztutakoa, salgaientzako abiadura haundiko trenaren zatiari buruzkoa. Mozioa EH Bilduren aldeko 7 botorekin eta kontrako 5 botorekin onartu da (4 EAJ/PNVrenak eta 1 PSE-EErena).
Mozioak, laburbilduz, adierazten du merkantzietarako abiadura haundiko Astigarraga-Lezo trazadura, ingurumenari eta ekonomiari dagokienez, jasanezina dela eta bertan behera geldiarazteko eskatzen du. Zehazki, honakoa onartu du Udalak:
1. Trantsizio Ekologikoaren eta Erronka Demografikoaren Ministerioari Astigarraga-Lezo abiadura handiko merkantzien tartearen espedientea geldiarazteko eskatzea.
2. Aipatutako Ministerioari aipatutako trazadura egiteari uko egin diezaiola eskatzea.
3. Udalak azkar jardutea, baldin eta trazadura horrekin zerikusia duten obrak udalerrian egin izanaren berri badu, nahitaezko udal-lizentziarik ez badute eta berehala geldiarazi behar badira.