163 farola LED, energia kontsumoa murrizteko eta argi kalitatea hobetzeko

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 27a, 00:00

Bi langile LED teknologiako argiteri berria jartzen.

Teknologia horrekin farolen energia kontsumoa %75 inguru murrizten da eta argiaren kalitatea hobea da. Udala egiten ari den aldaketa honekin Astigarragan diren 1.820 faroletatik 963 (%53) LED teknologiakoak izango dira.

Hurrengo hiru asteotan herriko 163 farola aldatuko ditu Astigarragako Udalak, LED teknologiara pasaz. Inbertsioaren kostua 78.894,42 eurokoa da (BEZ barne) eta Leycolan SALri esleitu zaio.


Astigarragan 1.820 farola daude eta horietatik 163 aldatuko ditu Udalak. Horren ondorioz, farola guztien %53 LED teknologiakoak izango dira.


Helburua da argiteria publikoan energia elektrikoaren kontsumoa murriztea.


Ordeztuko diren 163 farolen urteko batez besteko kontsumoa 123.500 kWh-koa da. LED teknologiara pasaz, energiaren %75 inguru aurreztuko da, hau da, 92.600 Kwh.


Baina, beste abantaila batzuk ere baditu, izan ere argiaren kalitatea hobea da eta  instalazioaren mantentze-kostuak baxuagoak dira, LED teknologiako argiek bizitza erabilgarri luzeagoa dutelako eta energetikoki eraginkorragoak direlako.


Nabarmendu behar da, baita ere, aurrezpen horrek atmosferara isuritako berotegi-efektuko gasen murrizketa ekarriko duela: zehazki, urteko 43 Tn CO2. 963 luminaria berri hauek teknologia zaharrekoak izaten jarraituko balute, urteko CO2 isurketaren aldea 254 tonakoa izango litzateke. Beraz, ekimen honek udal esparruan laguntzen du Glasgown berriki egindako Nazio Batuen konferentzian jasotako helburuak lortzen. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!