Herritar guztiek gozatzeko moduko Gabonak antolatu ditu Astikok

Mon Paperdendako erakuslehioan daude sariak ikusgai.

Urtarrilaren 8ra arte, saski erraldoia irabazteko aukera izango dute kontsumitzaileek.

Astigartarren Gabonei ekarpena egin nahi die Astiko elkarteak aurten ere. Hain zuzen, bi jarduera antolatu ditu, gaztetxoen zein helduen gozamenerako eta herrian kontsumitzen dutenak saritzeko: Gabonetako zozketa eta haurren eta gaztetxoen jolas-parkea egingo dira.

Jarduera hauek aurrera eramateko, Astigarragako Udalaren zein Eusko Jaurlaritzaren Merkataritza, Turismo eta Kontsumo sailaren dirulaguntza jaso du elkarteak.

Urtarrilaren 8ra bitarte, Astiko elkarteko establezimenduetan kontsumitzen dutenek saski erraldoia irabazteko aukera izango dute. Horretarako, ‘prezio justuaren’ sistema erabiliko da: bezeroek produktu-loteari prezioa jarri beharko diote establezimenduetan banatuko diren boletoetan, eta gehien hurbiltzen denak (preziotik pasa gabe) jasoko du saria.

Mota guztietako hainbat produktuk osatzen dute saskia: etxerako tresneria, bizikleta estatiko bat, elikadura-produktuak, produktu teknologikoak, eta abar. Gainera, kanpainak iraun bitartean, Mon Paperdendako (helbidea: Tranbia ibilbidea, 11) erakusleihoan jarriko da saskia ikusgai.

Urtarrilaren 8a izango da produktu-loteari prezioa jartzeko azken eguna, eta urtarrilaren 10ean jakinaraziko da irabazlearen izena. Saskiaren prezioa batek baino gehiagok asmatuko balu, haien artean zozketa egingo da.

 

Jolas-parkea haurrentzat eta gaztetxoentzat

Horrekin batera, Astigarragako haurrei eta gaztetxoei zuzendutako jolas-parkea jarriko da aurten; abenduaren 28tik 30era bitarte, biak barne, izango da hori. Aurrekoetan bezalaxe, hiru gunetan jarriko dira atrakzioak: Kontxa Etxeberria plazan, Norberto Almandoz plazan eta Joseba Barandiaran plazan. Sarrera doan izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikalari gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez Kronikalari!