Eragiyok abesbatzak Gabonetako kontzertua eskainiko du gaur eguerdian, Andre Mari Elizan

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 19a, 00:00

12:00etan hasita, Eguberrietako doinuekin batera, urte honetan landutako abesti kuttunenak ere abestuko dituzte parrokian.

Gabon giroan bete-betean murgiltzeko asmotan, Astigarragako Eragiyok abes­batzak Eguberrietako doinu­ak izango ditu hizpide gaurko kontzertuan, Andre Mari elizan. Eguerdiko 12:00etan jarri dute horretarako hitzordua, eta sarrera doako da. Beraz, edonork sartu ahal izango du, aurrez Covid-19 ziurtagiria erakutsita.

Gaurkoa kontzertu berezia izango dela aurreratu dute abesbatzakoek. Urtean zehar landutako obra berrien hautaketa egin dute, eta horiek guztiak aurkeztuko dituzte parrokian. Lehenengo zatian, abesti errusiarrak abestuko dituzte. «Jakina da Euskal Herrian ere kantu errusiarrek ikusmina pizten dutela. Horietako batzuek euskerazko moldaketak izan dituzte, eta oso ezagunak dira gurean». Bigarren zatian, aldiz, euskal musika jarriko dute erdigunean. Jakina, Gabonetako abestiak ere izango dira; «besteak beste, Norberto Almandoz musikari astigartarraren abestietako bat berreskuratuko dugu, Olentzero, eta horixe bera kantatuko dugu beste doinu ezagunen artean».

 

Hiru kontzertu, Gabonetan

Joan den urtean, osasun egoera medio, kontzertu berezirik eskaintzeko aukera izan ez zutela adierazi dute abesbatzakoek. Hala ere, diote, «oso bestelakoa izango da aurtengoa». Izan ere, hiru emanaldi dituzte aurreikusita datozen egunetarako. Lehena gaurkoa izango da eta, hurrengoa, berriz, abenduaren 26an izango da, Errenterin. Hain justu, Gabon Abestien Sariketak, 75garren urteurrenean, aurreko ediziotako irabazleak bilduko dituen ekitaldian izango dira. Sasoi honetako ikuskizunekin amaitzeko, azkena urtarrilaren 8an izango da, Donostiako San Inazio elizan. Zaporeak Gobernuz Kanpoko Erakundearen aldeko kontzertuan izango dira astigartarrak. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!