Izenematea irekita, alokairu sozialeko etxebizitzen zozketan

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 18a, 00:00

Etxebizitza horiek Astigarragako Aiotzategi kaleko 1go atarian, Urumea kaleko 6garrenean eta Kale Nagusia kaleko 28garrenean daude. 

Astigarragako Udalak bost etxebizitza alokairu sozialean zazpi urterako emateko prozesua jarri du abian. Etxebizitza horiek daude Aiotzategi kaleko 1go atarian, Urumea kaleko 6garrenean eta Kale Nagusiko 28garrenean. 

Joan den urtean, Udalak, alokairu sozialeko zazpi etxebizitza eman zituen, 2021ean 11, eta orain beste bost. Guztira, beraz, 23 etxebizitza. Alokairu sozialeko etxebizitza politika sustatzeko eta indartzeko, Udalak oraingoan babes ofizialeko etxebizitza bat lehetasunez erosteko eskubidea baliatu du, «alokairu sozialerako etxebizitzen parkea haunditzeko». 

Deialdi berri honetako bost etxebizitzek ezaugarri hauek dituzte: Aiotzategiko hiru etxebizitzak hiru logelakoak dira, eta garaje marra eta trastelekua dituzte. Urumea kaleko etxebizitzak bi logela ditu, garaje marra eta trasteroarekin. Eta Kale Nagusiko etxebizitza 55 metro karratukoa da, eta hiru logela ditu. 

Iraupena, zazpi urtekoa 
Alokairu kontratuek zazpi urteko iraupena izango dute, baina urtero berrikusiko dira, hasierako baldintzak betetzen diren egiaztatzeko. 

Horrez gain, parte hartzeko hainbat baldintza ezarri ditu Astigarragako Udalak: onuradun izateko ezinbestekoa da Astigarragarekin lotura izatea, bertan erroldatuta egonda edota Astigarragan lan eginda. Parte hartzeko ezin da etxebizitzarik jabetzan eduki; eta azkenik, urtean gutxienez 3.000 euroko eta gehienez 39.000 euroko diru sarrera haztatutak izatea egiaztatu behar da, zozketan parte hartzeko. «Hala ere, lehentasuna 25.000 euro baino gutxiagoko diru sarrrera haztatuak dituzten eskatzeileek izango dute», argitu du Udalak. 

Eskabideak aurkezteko epea eta lekua
Parte hartu hala izateko, eskabidea eta oinarrien laugarren atalean zehaztutako dokumentuak aurkeztu behar dira. Eskabideak, urtarrilaren 31ra arte aurkeztu daitezke, Astigarragako udaletxeko erregistroan edota modu telematikoan. 

Oinarriak eta argibideak, webgunean eskuragarri
Oinarriak argitaratuta daude Astigarragako Udalaren webgunean. Halaber, eskabidea egiteko eredua ere eskura webgunean bertan, eta zozketaren oinarriak ikusi daitezke helbide honetan: https://labur.eus/0jZg7. 

Astigarragako Udalak azaldu du, argibideak jasotzeko Udalaren Hirigintza, Ingurumen eta Etxebizitza Sailarekin jarri daitekeela harremanetan. Horretarako, telefonoz deitu daiteke (943 33 52 41), edo hirigintza@astigarraga.eus helbide elektronikora idatzi.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!