Semifinala gaur Txomiñenen, Imanol Ormazabal alebinak

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 17a, 10:03

Imanol Ormazabal, aurreko partidu batean.

Behar Zanako Iparragirreren kontra jokatuko du astigartarrak, iluntzeko 19:30etan. Xuban Goñik, berriz, final laurdenetako partidua izango du segidan.

Bi partidu garrantzitsu jokatuko dituzte gaur, iluntzeko 19:30etan hasita, Txomiñene frontoian. Gipuzkoako Txapelketakoak izango dira biak.

Aurrena, semifinala jokatuko du Imanol Ormazabal alebinak, lehenengo mailan. Behar Zanako Iparragirre izango du aurrean, eta finalerako txartela bilatuko du astigartarrak, txapelketa ederra borobiltzeko. Ligaxkako bost partiduak irabazi ondoren, final zortzirenetan eta final laurdenetan ondo nagusitu zen, biak 2-0 irabazita. Baina ez du partidu erraza izango: ibilbide beretsua egin du Iparragirrek, ligaxkako partidu guztiak irabazi eta kanporaketetan 2-0 nagusituta.

Finalerdiaren ondoren, kadete mailako lau t'erdiko partidua jokatuko du Xuban Goñik. Final laurdena izango da, lehenengo mailan, eta Zazpi Iturriko Ruiz izango du aurrean. Ligaxkan, bere multzoko lider bukatu zuen astigartarrak, bi partidu irabazi eta bat galduta; eta final laurdenetara sailkatu zen zuzenean. Ruizek, berriz, final zortzirenetakoa gainditu behar izan zuen, Insausti tolosarrari 18-8 irabazita. Ataunekin jokatu du txapelketa Goñik, Mundarrok utzita, kadeteen lehenengo mailan aritu ahal izateko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!