Emakume artisten erakusketa, igandetik

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 16a, 00:00
Griselle Morales, Emakumeon Etxean, erakusketako obra batekin.

Igandean inauguratuko dute, 12:30etan, Emakumeon Etxean, Ainhoa Arzallusen, Saioa Arteagaren eta Griselle Moralesen erakusketa. 

Emakumeon Etxeak ikusgarritasuna eman nahi die Astigarragako emakume artistei eta, horrekin batera, balioan jarri nahi ditu beraiek egindako lanak. Helburu horrekin, erakusketa antolatu dute, eta igandean izango da inaugurazioa, eguerdiko 12:30etan hasita. Protagonistak izango dira Ainhoa Arzallus, Saioa Arteaga eta Griselle Morales, eta lanak otsailaren 19ra arte egongo dira ikusgai.

Bakoitzak bina lan aurkeztuko ditu. Arzallusek aukeratu du zeramikarekin egindako obra bat eta inpresio digitalarekin egindako beste bat. Arteagak eta Moralesek, berriz, bina koadro jarriko dituzte. 

Aurrerantzean, erakusketa gehiago
Igandean aurkeztuko dena, gainera, Emakumeon Etxeak antolatutako lehenengo erakusketa da. Nolanahi ere, aurrerantzean, herriko emakume artisten lanak ikusgai jartzeko helburuz, gehiago antolatuko dituzte.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!