Udalak argazki erakusketa antolatu du Erriberan, 2022ko Udal egutegirako lehiaketan aurkeztutako argazkiekin. Ikusgai egongo da gaurtik hasita, hilabetea bukatu arte, goizeko 09:00etatik 13:00ak arte eta, arratsaldez, 16:00etatik hasita 20:00ak arte.
Sarituen artean, 5 astigartar
Lehiaketa arrakastatsua izan da aurtengoa, izan ere, partehartze altua egon da. Denera, hain justu, 41 herritarrek parte hartu zuten 2022ko Udal egutegian eta, guztira, 177 argazki aurkeztu ziren. Gainera, parte hartzeko baldintzen artean ez zegoen astigartarra izatearena eta, beraz, beste hainbat herritako jendea ere animatu zen argazkiak aurkeztera. Horrela, 10 sarituen artean, 5 astigartarrak izan ziren eta gainerako 5ak, berriz, kanpotarrak.
Hauexek izan ziren irabazleak: Felix Etxeberria Balerdi (azala), Jose Angel Amutxastegi Esnaola (urtarrila), Sergio Pérez Perales (otsaila), Eduardo Pérez del Olmo (martxoa), Aner Unanue Usabiaga (apirila), Fco. Roy Ibañez (maiatza), Eduardo Pérez del Olmo (ekaina, urria), Felix Etxeberria Balerdi (uztaila), Naiara Garcia Otaegi (abuztua), Luis Fernando Anza Rey (iraila), Imanol Zabalegi Lasarte (azaroa) eta Xabier Goienetxea Unsuain (abendua). Sari gisa, argazki bakoitzeko 80 euro banatu zituzten eta 150 euro, aldiz azaleko argazkiagatik.
Sarituak izan direnek, dagokien kopurua jasotzeko, Astigarragako saltokietan, ostalaritza edo zerbitzu establezimenduetan egindako gastuen agiriak aurkeztu beharko dituzte Erribera kulturgunean, abenduaren 31 baino lehen.
Egutegia eskuragarri, bihartik
2022ko egutegia bihartik aurrera eskuratu ahal izango da udaletxean, Erriberan edo Astiko elkarteko dendetan.